“Beldurragatik egin genuen Siriatik ihes. Bonbak lehertu zigun etxea”

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko api. 11a, 10:21

Egun Laudion bizi da Abdul Azim bere familiarekin. / Aiaraldea.eus

ABDUL AZIM (Siria, 1980) Siriako errefuxiatua da. Gerrak lehertu zion etxea. Alaba-semeen etorkizuna hobea izateko erabaki zuen Libanotik ihes egitea familiarekin. Laudion ari dira bizitzen oraingoz.

Noiz iritsi zineten Aiaraldera?

Duela 6 hilabete. Hona etorri ginenetik arazoak ditugu Gurutze Gorriarekin. Gure seme-alabek ez dute nahikoa arropa. 4 haur ditugu; 5, 6, 11 eta 12 urtekoak. Jendearekin komunikatzeko itzultzaile bat jarri ziguten, baina Gurutze Gorriak kendu egin digu, soldata bat gehiago ez ordaintzeko. Hizkuntzak zeharo baldintzatzen du egunerokoa. Gure haurrak eskola publikora doaz, gaztelera eta euskara ikasten ari dira. Gu, berriz, Helduen Zentrora joaten gara gaztelera ikastera egunero, eta Gurutze Gorrira.  Telefono mugikorretako itzultzaileei esker hitz egiten dugu ingurukoekin.  Orain, hemengo hizkuntzak ikasten ari gara, lan egin ahal izateko.

 

“Hona etorri ginenetik arazoak ditugu Gurutze Gorriarekin”

 

Nolakoa zen zuen bizitza Sirian?

Gu Damaskokoak gara, Siriako hiriburukoak. Bonba batek gure etxea suntsitu zuelako atera behar izan ginen Libanora. Bost urte eman genituen han bizitzen. Bizi baldintzak hobetzeko etorri ginen, gure haurren etorkizunak kezkatzen gintuelako. Lanbidez jostuna eta bizar apaintzailea gara, nahiz eta margolari lanetan eta haurrak zaintzen ere aritu. Libanon bost urtez bizi izan ginen. Gerra aurretik oso ondo zegoen dena. Amaitzeko desiratzen gaude, baina ez dakigu zein den soluzioa. Gure 5 ahizpa-nebak han geratu dira, guk baino ez dugu egin ihes gerratik. 

Gertutik ukitu zaituzte gerrak.

Han egunero ikusten genituen hegazkinak, bonbak… Beldurragatik egin genuen Siriatik ihes. Familia bakoitzak 4-5 haur ditu gutxi gorabehera. Oso gogorra da eurengandik urrun egotea. Telefonoz hitz egiten dugu eurekin, baina gerra egoeragatik ezin izaten dugu beti komunikatu. 

 

“Gu oso gustura gaude Laudion, hemen geratu nahiko genuke”

 

Siriatik ihes egitea erabaki zenuten. 

Socorro erakundeari esker iritsi ginen hona. Lau orduko hegaldia izan zen. Behin Madrilera iritsita sei orduko autobus bidaia izan genuen honaino. Guk ez genuen Laudio hautatu, beraiek kokatzen zaituzte toki batean edo bestean. Eusko  Jaurlaritzako Auzolana programaren baitan gaude hemen. Laudioko Udalak eta Ongizate Sailak asko lagundu gaituzte. 

Errefuxiatu gisa, nolakoa izan zen bidaia?

Madriletik Laudiorako bidean gaizki tratatu gintuztela gogoratzen dut: bi familia errefuxiatuak errepide bazterrean utzi gintuzten bazkaltzen, eta gaizki sentitu ginen. Hona iritsita hobeto gaude, baina hau ez da guk nahi genuen bizitza mota, ez da espero genuena. Guk pozik bizi nahi dugu; hemen, baina zoriontsuago. 

Eskaintzen dizkizueten laguntzak nolakoak dira?

Faseka antolatzen dira laguntzak. Lehen sei hilabeteetan 220 euro ematen dizkizute elikagaiak eta garbiketarako produktuak eskuratzeko, kupoien bidez. Zerrenda bat ematen digute produktuak aukeratzeko.  Orain, 160 euro jasotzen ditugu, nahiz eta 180€ zegozkigula esan zigun Gurutze Gorriak. Ematen diguten laguntza ez da nahikoa bizirauteko. Hau ez da espero genuen bizitza zoriontsua. Oso gaizki ari da portatzen Gurutze Gorria gurekin. Ia bi hilabete igaro ditugu txartela kargatzeko zain, eta arropa ez digute erraztu.

Bestalde, Laudioko Udalak pisua utzi digu sei hilabetez, ura eta elektrizitate gastuak barne hartuta. Orain, 3 hilabete gehiago luzatu digute aukera, baina ez badugu etxebizitzarik topatzen Laudiotik alde egin beharko dugu.

 

“Laudion beste siriar familia bat dago eta beste bi Amurrion”

 

Zein oztoporekin egin duzue topo?

Ez dugunez hizkuntza menperatzen, zaila da lana lortzea. Bestalde, gure alabari ez diote eskolan zapia jantzita joaten utzi. 

Eskualdean zenbat errefuxiatu siriar zaudete?

Amurrion bi familia gehiago daude, uste dugu. Hala ere, ez dugu elkarren berri askorik. Madrilen jende asko dago, arazo asko daude. Errefuxiatu askok Alemaniara alde egiten dute hemen ez dagoelako zer eginik. Gu oso gustura gaude Laudion, hemen geratu nahiko genuke, baina etxea bilatu behar dugu horretarako. Oso zaila da, gure baldintzei erreparatuz gero.

Laudion, gureaz gain, beste familia bat dago: 5 hilabeteko haur bat eta 3 urteko neskatila bat dituzte.

 

Guraso zareten heinean, zelan bizi duzue erbestea?

Oso gogorra da, oso zaila. Gure alaba-semeek badakite zer den Sirian gertatzen dena, euren begiekin ikusi dute gerra; 5-6 urtekoek ez.

 

“Bizilagunek asko lagundu gaituzte”

 

Oso gertutik entzun dituzue bonba hotsak, etxea eta burua lehertzeraino ia.

 4 urterekin buruaren ondoan egin zidan eztanda bonbak, aurpegian marka daukat. Egunero sekulako burukominak izaten ditut, medikamentu asko hartu behar ditut ondo egoteko, zortzi bat pastilla ezberdin. Medikuek proba asko egin dizkidate, baina ez dakite zer dudan. Mareatu nintzela gogoratzen dut, ez nintzela ondo sentitzen. Nire lagunek etxe batera eraman ninduten, laguntza eske.  

Herritarren aldetik jaso al duzue babesik?

Bai, bizilagunek asko lagundu gaituzte, oso jatorrak dira. Gure arropa eta oinetakoen egoera ikusita, beraienak eman zizkiguten. Gurutze Gorriari arropa eskatu genion, baina ez ziguten eman. Hemengo jendeak ondo tratatzen gaitu, gurekin hitz egiten dute… Horrekin aski zaigu. Guk ez dugu eskean ibili nahi. Familia arruntek bezala, gure arropa eta abar aukeratu nahi dugu.

Zein mezu zabaldu nahiko zeniokete jendeari?

Ez dugu ezer eskatu nahi, gure haurrek etorkizun hobea izatea bakarrik. Gerra gabe bizitzea nahi dugu, bizitzaz gozatzeko aukera izan dezatela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide