SOS Parkea eta Aspanovas batuko ditu Parkoreografia lehiaketaren edizio berriak

Erredakzioa 2018ko api. 13a, 11:00

Aldai plazan egingo da txapelketa. / Aiaraldea.eus

Maiatzaren 26an izango da zita. Izen ematea irekita dago dagoeneko  www.sosparkea.com  atarian, maiatzaren 26rarte. 

Datorren maiatzaren 26an egingo da “Parkoreografia” lehiaketaren IV. edizioa. Laudioko Aldai plazan izango da zita, 17:30ean. SOS Lamuza Parkea plataforma izan da aurreko hiru edizioen antolatzailea. Oraingoan baina, Aspanovas -Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen elkartea- batu da ekimenera.

Izena emateko epea maiatzaren 20ra arte egongo da irekita www.sosparkea.com atarian. Antolatzaileek azpimarratu dute positiboki baloratu dela erabiltzen diren abestiek berdintasunaren eta sexu-aniztasunaren edota pertsonen jatorriaren aurkako mezurik ez izatea.

Lau sari berezi
Aurreko edizioetan bezala, hiru kategoria izango ditu norgehiagokak: Haurrena (0-12 urte), Gazteena (13-18 urte) eta Seniorrena (18 urtetik gorakoak). Adin-tarte bakoitzean gailentzen den taldeak ondorengo sarietako bat jasoko du: Dantzako master class baterako matrikula edo dantza-ikuskizun bat ikusteko sarrerak Euskal Herriko hiri batean.

Horrez gain, lau sari berezi egongo dira: Janzkerarik hoberenarena, animazioarena, orijinaltasunarena eta euskarazko abesti batekin egiten den dantza onenarena. Kategoria horietako irabazleek taldekide guztientzako askari edo afari bat jasoko dute opari, Laudioko taberna edo jatetxe batean.

Aurreko hiru edizioetako bideo-laburpenak, hemen ikusgai:

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide