Datorren maiatzaren 26an egingo da “Parkoreografia” lehiaketaren IV. edizioa. Laudioko Aldai plazan izango da zita, 17:30ean. SOS Lamuza Parkea plataforma izan da aurreko hiru edizioen antolatzailea. Oraingoan baina, Aspanovas -Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen elkartea- batu da ekimenera.
Izena emateko epea maiatzaren 20ra arte egongo da irekita www.sosparkea.com atarian. Antolatzaileek azpimarratu dute positiboki baloratu dela erabiltzen diren abestiek berdintasunaren eta sexu-aniztasunaren edota pertsonen jatorriaren aurkako mezurik ez izatea.
Lau sari berezi
Aurreko edizioetan bezala, hiru kategoria izango ditu norgehiagokak: Haurrena (0-12 urte), Gazteena (13-18 urte) eta Seniorrena (18 urtetik gorakoak). Adin-tarte bakoitzean gailentzen den taldeak ondorengo sarietako bat jasoko du: Dantzako master class baterako matrikula edo dantza-ikuskizun bat ikusteko sarrerak Euskal Herriko hiri batean.
Horrez gain, lau sari berezi egongo dira: Janzkerarik hoberenarena, animazioarena, orijinaltasunarena eta euskarazko abesti batekin egiten den dantza onenarena. Kategoria horietako irabazleek taldekide guztientzako askari edo afari bat jasoko dute opari, Laudioko taberna edo jatetxe batean.
Aurreko hiru edizioetako bideo-laburpenak, hemen ikusgai: