Zirku Italiarra iritsi da Laudiora. Zumalakarregi etorbideko 60. zenbakiaren parean dagoen aparkalekuan atondu dute akanpalekua, eta astearen hasieratik daramate euren ikuskizun berria herriko kaleetan barrena iragartzen. Emanaldi “basatia” izango dela aurreratu dute: “atmosfera askatzaile bat eratuko dugu, zeinetan dena izango den posible”. Akrobaziak, dantza eta bestelako diziplinak uztartuko dituzte.
Gaur -ostirala-, bihar eta etzi eskainiko dituzte emanaldiak. Gaurkoa 19:00etan izango da. Bihar bi eskainiko dituzte, 17:00etan bata eta 19:30ean bestea. Igandean, aldiz, 12:00etan egingo dute lehena eta 17:00etan bigarrena.
Prezio bereziak
Zirkuko kideek nabarmendu dute “prezio bereziak” egongo direla. Sarrera normalak 10 euro balioko du eta 15 euro, aldiz, “vip” eserlekuetakoak.