Aste honetan ekin diote Gizagune enpresako kideen Laudioko gazteen lonjetatik igarotzeari. Udalak kontratatu du enpresa hori mota horretako lokalen “mapeo” bat egiteko. Lonja bakoitzarekin fitxa bana egitea da asmoa, herriko egoeraren erradiografia bat egiteko. “Errealitatea eraldatzeko beharrezkoa da errealitate hori ezagutzea”, azaldu dute Gizaguneko kideek.
Amets Meatza zinegotziak azaldu du urteak daramatzatela gaia lantzen udaleko hiru arloren artean: udaltzaingoa eta gazteria eta hirigintza sailak. Lonjakidetza programaren bidez jarduten ari dira, eta hiru dokumentu onartu zituzten horretarako iragan ostiraleko Tokiko Gobernu Batzordean: Aisialdiari buruzko diagnostikoa, jarduketa protokoloa eta erabilera gida. Lonjen erabiltzaileei zuzenduta dago azken dokumentu hori, eta bete beharreko hainbat minimo eta gomendio barnebiltzen ditu.
Behin lonjetatik igarota ekingo diote planaren bigarren faseari. Higiezinen enpresekin hitz egingo dute horretarako, egitasmoaren funtsezko helburua betetzeko: “lonjetako erabiltzaileen zein auzokideen segurtasun eta elkarbizitza egokiak bermatzea”.
50 lokal inguru
50 gazte lokal zeuden 2015ean Laudion, udalaren I. Gazte Planaren diagnostikoaren arabera. Hala ere, tokiko erakundeko ordezkariek nabarmendu dute lonjen mapa asko aldatzeko joera duela, koadrilak oso azkar mugitzen direlako txoko batetik bestera. “Hala ere, lokalez mugitu arren, koadrila gehienak ez dira aldatzen”, nabarmendu dute Gizaguneko kideek, “adin batetik aurrera lokalik ez duten gazteak seguru asko ez dute inoiz izango”.
Herriko gazteen lonjen inguruko lehenengo ikerketa Gazte Asanbladak burutu zuen 2012. urtean. 37 txoko identifikatu zituzten, zeintzuetan guztira 700 gazte baino gehiago biltzen ziren. Erabiltzaile gehienak 15-25 urte artekoak ziren eta lonja gehienetan mutilak ziren nagusi.