Apirilaren 27an, ostirala, izango da Dantzarien Nazioarteko Eguna. Aurtengoa, baina, berezia izango da laudioarrentzat. Izan ere, herriko 9 dantza talde bertaratuko dira hitzordura. Horien artean daude Andaluziar Etxea, Gaztela Leoiko "San Fernando" Etxea, Galiziar Etxea, Itxarkundia Dantza Taldea, Izaskun del Cerro-zumba, Laudio Wellness, Nuria y Raquel estudioa, Sambitas taldea eta Untzueta.
Aldai plaza izango da dantzarien topaleku, 19:30ean hasiko da emanaldia. Besteak beste, herrialde eta kultura anitzeko dantzak ezagutzeko aukera egongo da, Andaluzia, Galizia edota Euskal Herrikoak kasu.
Dantza tradizionalez gain, dantza modernoa ikusteko parada izango da, Laudio Wellness taldearen bidez, esaterako.
Aurreneko aldiz antolatu dute elkarlanean horrelako ekimen bat Laudion. Hortaz, dantzari ugari elkartzea aurreikusi dute. Herrian dantza jarduerak egun duen arrakastaren isla izango da ekitaldia.
