"Bartzelonan elkartuko garen 35 taldeen artean, 5 joango dira Silicon Valleyra"

Aitor Aspuru Saez 2018ko api. 25a, 13:00

Proiektuko sortzaileak La Milagrosa Ikastetxean. / Aiaraldea.eus

NAROA BORBOLLA, ENARA GOIKOETXEA, XABIER JIMENEZ eta ANE AZULA (Laudio, 2002) La Milagrosako DBHko 4. mailako ikasleak dira eta bere proiektua hautatu du La Caixak Desafío Emprende lehiaketaren azkenengo fasean parte hartzeko. Horretarako, diseinu ekologikoan oinarritutako etxebizitza asmatu dute.

Zuen proiektua hautatu dute Bartzelonan aurkezteko, nola jaso duzue berria?

Ondo, pentsatzen ari gara zer egingo dugun eta nola aurkeztuko dugun. Baina momentuz lasai gaude. Berri izugarria izan da, ez baikenuen espero.

Irakasleak esan zigunean poztu ginen. Esperientzia polita izango da eta 1.000 talde baino gehiagoren artean gu hautatzea garrantzitsua da.

Noiz joango zarete Bartzelonara?

Maiatzaren 9tik 12ra bitartean han egongo gara. Campus batean arituko gara tailerrak egiten eta ekintzailetza lantzen. Hitzaldiak emango dizkigute. Hori guztia baliatuko dugu azken egunerako, gure proiektua aurkeztu behar baitugu.

Ariketa hurrengoa izango da: 200 lagun izango ditugu guri begira eta konbentzitu behar ditugu gure proiektuan inbertitu dezaten. Hoberenak irabaziko du.

Aurkezpen horren helburua zein da?

Beste sari bat dago, elkartuko garen 35 taldeetatik, 5 joango dira Silicon Valleyra. 10 eguneko egonaldia izango da ekainean.

Silicon Valleyn aztertuko dituzte proiektuak eta gogoko dutena gauzatuko dute.

Nola bururatu zitzaizuen proiektua?

Lehen beste ideia batzuk genituen, baina guztiak batu genituen eta horrela sortu genuen egungoa.

Xabiri bururatu zitzaion proiektu bat, gero informazioa bilatzen hasi ginen eta dena elkartu genuen.

Zuek zergatik uste duzue zuena hautatu dutela?

Lehenik eta behin, lan handia egin dugulako. Gainera, gure ideiak kutsaduraren aurkakoak dira.

Guztira, 3 hilabetez jorratu dugu egitasmoa. Klasean gehiena, baina baita ere gure kabuz.
Proiektua etxebizitza inteligente batean datza, eta energia kontsumoa murriztea da bere helburua. Dirua eta kutsadura aurrezteko pentsatua dago.

Berez, irakasleak azaldu zigun hau egiteko aukera zegoela eta La Milagrosan 7 proiektu gehiago egin dituzte, onak guztiak, baina azkenean gurea hautatu dute.

Hasieran klaseko lan hutsa zen, baina proiektu bilakatu dugu. Horri gehitu behar diogu mundua pikutara joango dela eta horrelako egitasmoekin gure ekarpena egin nahi dugula hori ez gertatzeko.

Proiektuak zertan eragin dizue?

Erakutsi digu kontsumoa eta kutsadura murriztu daitezkeela. Etxean aitzakia ugari jartzen dugu, baina ekintza errazen bitartez asko lortu dezakegu, eta ez dugu egiten.

Kontzeptu ugari ikasi dugu eta euretan sakondu dugu ura, elektrizitate eta bitartekoen erabilera eraginkorra izan dadin.

Asko aldatu dizue bizitza?

Xabi: Nik proiektuaren ondorioz ikusi dut Mondragon Unibertsitatean LEINN gradua egiten dutela eta hori ikasi nahi dut; ekintzailetza, ekonomia...

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide