"Nik ez dut izena ematen lasterketetan irabazteko, baizik eta ondo pasatzen dudalako"

Aitor Aspuru Saez 2018ko api. 26a, 17:58
Asfaltoan baino, mendian korrika egitea nahiago du Mariñe Eizaola Arenasek.

MARIÑE IZAOLA ARENAS (Laudio, 1987) Orkatzak taldeko lasterkaria da eta azken asteetan bi podiumera igotzea lortu du.

Berriro podiuma zapaldu duzu asteburuan.
Bai, Musikezeko Mello Sarian 2. sailkatu nintzen eta ez nuen espero. Oso gustura ibili nintzen. Urduritasuna dela medio, askotan tripako mina daukat lasterketetan, eta ez dut asko disfrutatzen. Igandean, aldiz, oso gustura egin nuen. Hasieratik jarri nintzen aurreko aldean. Oro har, lasterketa zelan doan ikusteko egiten dut hori.

Irabazlea bidetik harrapatu nuen, baina ezin nuen gehiago eta 30 segundoko abantailarekin sartu zen helmugan.

Duela bi aste Mendaron irabazi nuen. Hala ere, argitu nahi dut nik ibilbide motzeko lasterketan parte hartzen dudala, eta luzeetan izugarri igotzen dela maila.

Duela zenbat denbora egiten duzu korrika?
Duela bi urte. Txikia nintzelarik zazpi edo zortzi urtez atletismoa egin nuen. Nire lehengusua menditik korrika ibiltzen zen beste lagun batzuekin eta egun batean eurekin joan nintzen. Horrela hasi zen. Pentsatu barik, egia esanda.

 

"Txikitan denetarik egiten nuen. Kros denboraldia, lehenik eta behin, eta gero pista; txandakako lasterketak, pisu jaurtiketa..."

 

Atletismoan aritzen zinenean diziplina bera lantzen zenuen?
Ez, txikitan denetarik egiten nuen. Kros denboraldia, lehenik eta behin, eta gero pista; txandakako lasterketak, pisu jaurtiketa...

Orain asfaltoan ere lehiatu naiz, baina nahiago dut mendian korrika egitea. Asfaltoa oso bortitza da giharrentzat, mendian gusturago nabil.

Zein izan da zuretzat azken bi urte hauetan izan duzun lorpen nagusia?
Nik ez dut izena ematen lasterketetan irabazteko, baizik eta ondo pasatzen dudalako. Argi dago guztiok gogoko dugula aurreko postuetan sailkatzea, baina ez dut horregatik egiten.

Asko entrenatzen duzu?
Ez, oso gutxi. Abuztuan lesioa izan nuen eta 6 edo 7 hilabetez egon naiz korrika egin gabe. Kiroldegian bizikletan edo igeriketan aritzen nintzen, baina ez gehiago.

Hortaz, orain bi egun astero joaten naiz korrika egitera, gehienez, mendira. Bi orduz, gehien jota, lesioak ekiditeko. Ez dut nahi minik hartu, oso gaizki igaro ditut hilabete hauek korrika egin gabe eta minduta. Igeriketa ere egiten dut, ondo datorkit.

 

"Abuztuan lesioa izan nuen eta 6 edo 7 hilabetez egon naiz korrika egin gabe"

 

Dietaren bat jarraitzen duzu?
Ez. Denetarik jaten dut. Hori bai, kirola egiten duzuenean elikadura pixka bat zaintzen duzu, baina litxarreriak ere hartzen ditut.

Zer da kirol honetako alderik onena?
Giroa. Nire bikoteak ere korrika egiten du eta elkarrekin joaten gara lasterketetara, taldeko kide gehiagorekin, batzuetan asteburu pasa. Horrez gain, jende asko ezagutzeko aukera duzu, mendietan giro oso ona dago, noizean behin egiten ditugu barbakoak...

 

"Emakume gehiago aritzen dira Laudion eta maila ona daukate. Hala ere, gutxiengoa gara"

 

Zeintzuk dira zure helburuak etorkizunera begira?
Inguruko lasterketetan izena ematea; Arespalditzako Trailean, Laudioko Erronka Bertikalean... hemendik ibiliko naiz. Nire helburua da mina berriro ez hartzea.

Askotan kaletik ikusten zaitut entrenatzen eta gehienetan lasterkari taldeetan zu zara emakume bakarra, nolakoa da hori?
Ez pentsa, emakume gehiago aritzen dira Laudion eta maila ona daukate. Hala ere, gutxiengoa gara.

Dena den, ni askotan bakarrik noa entrenatzera. Txandaka lan egiten dut eta nire kabuz joaten naiz mendira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide