Santa Kurutze jaiak ospatuko dira Laudioko Gardea auzoan datorren maiatzaren 3tik 6ra. Egitarau oparoa prestatu dute jai batzordeko kideek egun horietarako. Egingo dituzten ekintzetako asko ohikoak dira, tradizio luzekoak, bolo-txapelketa kasu. Baina berrikuntza deigarri bat sartu dute aurtengo programan: Helduentzako Mikroantzerki Jaialdiaren lehen edizioa. Maiatzaren 5ean -larunbata- egingo dute ekimen hori, 19:30ean hasita.
“Takoidun zapata gorria”
Gardeako Kulturgunera bertaratzen diren bizilagunek hiru antzerki-obra laburrez gozatzeko parada izango dute. Bati baino gehiagori ezagunak egingo zaizkio taulara igoko diren lehen aktoreak, Takoidun zapata gorria izango baita eskainiko den lehen lana. Mikel Ayllon, Haizea Paris, Igor Arzuaga eta Jabi de la Ydalgak sortu dute antzezlana, Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean.
Hogei minutu inguru irauten du “hiru ekintzatan banatutako tragedia odoltsu” hori. Jarraian, beste bi lanez gozatu ahalko dute ikusleek: La flamencura eta Secuestro.