Parkourra, Aiaraldeko kale eta plazetara salto egiteko prest

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mai. 10a, 11:01

Laudioko kale eta plazetara egin du salto parkourrak. 10-18 urte bitarteko dozenaka gazte daude kirol horretan buru-belarri murgilduta. YouTuberren tutorialak behatzen hasi ziren duela urtebete, eta jarraian ekin zioten pantailan ikusitakoa kalean praktikatzeari. Oso denbora gutxian hedatu da kirol horrekiko sukarra, eta ez dirudi moda iragankor bat denik. 

Latiorroko eskailera mekanikoen alboko plazan, Lamuza parkean edo Laudioko beste edozein txokotan egon ohi dira. 10-18 urte bitarteko nerabeak dira gehienak, eta hiri-altzarien artean saltoka aritzen dira, musika elektroniko biziaren erritmopean.

Parkourra eta freerunning-a praktikatzen duten gazteak dira. “Puntu batetik bestera joatean edo salto egitean datza parkourra. Freerunning-a ere horretan datza, baina airean bueltak -mortalak- ere eginda”. Hala azaldu du Kepa Etxebarriak. Urtebete darama 17 urteko gazteak parkourraren munduan murgilduta, Ruben Pinto, Erik Gomez eta Ioritz Larrinagarekin batera. “Lehen ere praktikatzen zen. Baina orain interneteko bideoekin jende gehiago animatu da, kirol hau zertan datzan ikusi ahal izan dutelako”.

 

10-18 urte bitarteko  dozenaka gazte ari dira kirol hori praktikatzen

 

YouTuberren eragina
Alex Segura eta Shifer bezalako youtuberren bideoak ikusten hasi ziren lau gazteak. “Tutorial batzuekin entrenatzen hasi ginen, orain arte”.

Eurak izan ziren Laudioko kaleetatik saltoka hasi ziren lehenbizikoenetarikoak, baina apurka-apurka jende gehiago animatu zen. “Gaur egun 8-9 pertsona gaude gure taldean”, azaldu du Pintok, “eta gero badaude beste hogei gazte, 10-11 urte inguru dituztenak”.

Oro har, oso jende gazteak praktikatzen du parkourra eskualdean, adingabeak dira gehienak. “Laudion ez dago jende nagusirik, baina Bilbo edo Gasteiz bezalako hirietan bai”. Laudion adin ezberdinetako taldeak daude, baina askotan aritzen dira zale guztiak batera. “Batak besteari irakasten diogu”.

 

Parkour parke bat egiteko proiektua aurkeztu diote udalari

 

Musikaren erritmopean
Musika funtsezko osagaia da parkour zaleentzat. Abesti elektronikoaren gorakada edo “klimaxak” baliatzen dituzte salto eta mugimenduak gauzatzeko. “Musika gabe ez litzateke berdina izango”, ziurtatu du Pintok, “motibatzeko balio digu”.

Parke proiektua
Saltoak ematearekin aski ez, eta herriari begirako proiektu bat prestatzeari ekin diote gazteek. Sinadura bilketa hasi zuten Change.org plataforman, Laudioko Udalari parkour parke bat egitea proposatzeko. 400 sinadura baino gehiago lortu dituzte dagoeneko, eta espazioaren balizko plano bat atondu dute baita ere. “Hiru aldiz aurkeztu dugu eskaera udalean”, azaldu du Larrinagak, “deituko zigutela esan ziguten, baina momentuz ez dugu erantzunik jaso”.

Gazteek uste dute halako parke batek jende gehiago animatzeko balioko lukeela. “Badago parkourra kalean praktikatzea gustuko ez duen jendea eta pista bat erabiltzea nahiagoko lukeena”. Herrira kanpoko jendea gerturatzeko balioko luke baita ere. “Gu Laudion aritzen gara normalean, baina batzuetan Bilbo, Gasteiz edo Arrigorriagara joaten gara. Uribarrin, adibidez, badago parkour parke bat”, azaldu du Larrinagak. Gasteizen aurki ekingo diote horrelako pista bat eraikitzeari. Hirian egingo den lehena izango da.

 

Saltoak ematearekin aski ez, eta herriari begirako proiektu bat prestatzeari ekin diote gazteek

 

Kolpeak hartzeko arriskua
Horrelako pistetan aritzean txikitu egiten da “mina hartzeko arriskua”, Etxebarriak azaldu duenez. Lau gazteen aburuz, “beti dago” kolpeak hartzeko beldurra; baina nabarmendu dutenez, parkourra praktikatzea ez da arriskutsua. “Jendeak esaten du baietz, saltoka ikusten gaituelako, baina ez dute kontuan hartzen zenbat denbora daramagun entrenatzen”.

Etxebarriaren aburuz, teknika da garrantzitsuena parkourrean. “Oso indartsua izan zaitezke, baina teknika izan ezean ezingo duzu gauza askorik egin”, nabarmendu du Etxebarriak.

Udaltzainen errietak
“Ezjakintasun handia dago kirol honen inguruan”. Hala uste dute lau gazteek. Udaltzainek sarritan egin diete errieta, “ez dutelako kirola zertan datzan ulertzen”. “Jendeak polizia deitzen du, parkourra gauza txar bat dela uste duelako”, azaldu du Etxebarriak. “Askok uste dute lapurtzeko praktikatzen dugula, pentsa”, gaineratu du Rubenek, “jendeak uste du moda huts bat dela. Egia da badagoela modan dagoelako praktikatzen duen jendea. Baina ez da gure kasua, gu gustuko dugulako aritzen gara parkourrean, eta horretan jarraituko dugu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide