Ehunka lagun bildu dira Laudion gaur eguerdian LAB sindikatuak deitutako mobilizazioan parte hartzeko. 12:30ean abiatu da manifestazioa Lamuza Plazatik eta herriko kale nagusietatik igaro da. Ekimen anitza izan da, adin eta perfil ezberdinetako pertsonek hartu baitute parte, bakoitza bere aldarri propioekin.
Aniztasun hori islatua geratu da baita Herriko plazan egin den amaiera ekitaldian. Maider Urtaran izan da hitza hartzen lehena, Aiaraldeko Mugimendu Feministako kideen izenean. Martxoaren 8ko greba feminista eta La Manadaren epaiaren aurka egondako mobilizazio jendetsuak izan ditu hizpide.
Bego Cosgaya eta Iñaki Barandiaranek hitz egin dute gero, pentsionisten izenean. EAJk PPrekin adostutako neurriak nahikoa ez direla nabarmendu dute, datozen asteetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera.
Lukas Pasandin izan da mikrofono aurrean jarri den azkena, LAB sindikatuaren izenean. Tubacex, Tubos Reunidos, Gometegui edota Lidl-ko lan-gatazkak izan ditu hizpide sindikalista orozkoarrak, eta maiatza “gorri” datorrela jakinarazi du, hainbat mobilizazio eta ekimen egingo baitira hasi berri den hilabete honetan.