Pentsionistak eta maiatzaren 6ko herri galdeketa protagonista udalbatzan

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko mai. 2a, 21:04

Bi herri-eragilek hartu zuten hitza Udalbatzan. / Aiaraldea.eus

Parte-hartze handiko udal Osoko Bilkura izan zen astelehenekoa. Herriko hainbat eragilek pentsioei eta maiatzaren 6ko herri galdeketari buruzko mozioak aurkeztu zituzten udalbatzan eztabaidatuak izan zitezen. 

Apirilaren 30ean burutu zen Laudioko apirileko Udal Osoko Bilkura. Besteak beste, pentsioen eta maiatzaren 6ko herri galdeketaren inguruko mozioak aurkeztu zituzten.

Pentsioen defentsan
"Arabako Pentsionistak Lanean" elkarteak pentsio duinen defentsa egin zuen udaleko ordezkarien aurrean. Pentsionistek 1.080 euroko pentsio minimoa aldarrikatu zuten Espaniako Gobernuak EAJrekin adostutako 9 euroko igoeraren aurrean. Jeltzaleek, bere aldetik, testu alternatibo bat aurkeztu zuten baina ez zuen beharrezko babesik jaso eta Arabako Pentsionisten mozioa atera zen aurrera EHBildu eta Omniaren aldeko botoei esker.

Herri Galdeketa
Maiatzaren 6an Aiaraldeko sei udalerritan erabakitzeko eskubidearen alde antolatuko diren herri-galdeketen harira mozioa aurkeztu zuen Aiaraldea BAT elkarteak. Udazkenean 4.190 sinadura bildu zituzten eskualdean kontsulta aurrera ateratzeko, orain hori antolatzeko ordua heldu da. Gauzak hala, igandeko galdeketa babesteko eskatu zitzaion Laudioko Udalbatzari. Proposamena EHBildu, EAJ eta Omniaren botoekin atera zen aurrera. Txaro Sarasua, PSE-EE eta PP kontra agertu ziren.

Omniak eta talde-mistoko zinegotziek ere mozioak aurkeztu zituzten. Omniak herriko udal-erakinen lagatzea erregulatzeko araudi baten eskaera egin zuen. Txaro Sarasuak, aldiz, auto-elektrikoen errekarga puntuak instalatzea eskatu zuen, baita Laudioko "mugikortasun-mahaia" martxan jartzea ere. Hiru mozioak onartu egin ziren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide