Udal-langileen prekarietatea izan du hizpide EAJk

Erredakzioa 2018ko mai. 3a, 09:00

Udal-langileen mobilizazio baten irudia. / Aiaraldea.eus

Jeltzaleek udal-gobernuari egotzi diote prekarietatea udalean mantentzea. EH Bilduko ordezkariek erantzun dute hori esatea “oso bidegabea” dela, argudiatuta EAJ izan zela gaur egungo lan-egoera sustatu eta bultzatu zuena 90eko hamarkadan.

Laudioko Udaleko langileen egoera izan du hizpide EAJk hedabideei zabaldutako azken prentsa-oharrean. “Prekarietatea mantentzea” leporatu diote jeltzaleek EH Bilduren udal gobernuari. “165 udal-langile daude eta horietako 79 bitartekoak dira”, azaldu dute.

Zentzu horretan, Lan Eskaintza Publikoa deitzea eskatu dio alderdi jeltzaleak udal-gobernuari. “2017a amaitu baino lehen deituko zutela esan zuten, horretara konprometitu ziren publikoki”. Baina, beste behin, arazoa “enkistatu” egin dela salatu dute jeltzaleek, udal gobernuaren “utzikeriaren” ondorioz. 

EAJ azaldu duenez, Lan Eskaintza Publikoak balioko luke “behin-behineko kontratuak kateatzea” ekiditeko, “enpleguaren kontsolidazioa” bermatuta.

EH Bilduren erantzuna
EH Bilduk salatu du EAJren prentsa-oharra “guztiz bidegabea” dela, “sistematikoki gezurretan ari direlako". “Udal honetako lan-baldintzak aurreko udal-gobernutik jaso ditugu. EAJk sustatu eta iraunarazitako egoera izan baita prekarietatea”, azaldu du Jon Ander Altube zinegotziak.

“Udal eta herri honetako garairik ilunenean jarri behar dugu fokoa, 1991-1999 urteetan”. Altubek salatu duenez, garai hartan EAJk “ahal izan zuen guztia” egin zuen “sistema publikoa eraisteko”. “Pribatizazioak, eskubideen murrizketak, zerbitzu publikoen gutxitzea... garai horretatik datozen kontuak dira”, ziurtatu du zinegotziak, “Horri %100ean buelta ematea lortu ez dugula leporatzen badigute ba bai, arrazoia dute. Oso zaila da, oso ondo egin zutelako eta gauzak oso lotuak utzi zituztelako”.

Azken urteetako hobekuntzak
Udal-gobernuko kideek adierazi dute EAJk bitartekotasuna prekarietatearekin nahasten duela. “Bitarteko langileen eskubideak bermatzen dira, funtzionarioen eskubide berak dituzte”, ziurtatu du Altubek, eta nabarmendu du EH Bildu izan dela azken 7 urteetan lan baldintzetan “hobekuntzak eta klausula sozialak” sartu dituena, “askotan EAJ aurka izanda, gainera”.

“Langileekin lan-hitzarmena adostea lortu dugu baita ere”, gaineratu du Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak, “gai izan ginen baita ere Madrilek inposatutako murrizketei soluzioa bilatzeko. Aparteko pagak, adibidez, lehen egunetik bermatu genituen”.

Lan eskaintza publikoari dagokionez, galdera bat bota die Altubek jeltzaleei: “Nola onartuko dugu halako eskaintza publiko bat zuek aurka bozkatzen baduzue? Gugatik 2012an atera genukeen bat, EAJ da azalpenak eman behar dituena”.

Zinegotziaren aburuz, lan eskaintza publikoa plazaratzeak “lanpostuen harremana” berraztertzea dakar, eta EAJk ez duela hori nahi. “Gauza bat egitea eskatzen digute, baina gero mahaiaren azpitik gaineratzen dute ezingo dugula inoiz egin, eurek beti bozkatuko dutelako aurka”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide