Homofobia, lesbofobia eta transfobia jendarteratzea. Helburu horrekin urte osoko kanpaina gauzatuko du Laudioko Udalak. Sexu aniztasuna lantzeko ekainaren 17 eta 28 artean ekintza ezberdinak egingo dituzte, Amets Meatza zinegotziaren esanetan. “Hirugarren Berdintasun planaren baitan oinarrituta daude”. Hala, sexu aniztasunaren bandera kokatuko dute udaletxeko balkoian, “homosexualitatearen ikur gisa”. Horrez gain, herriguneko panel eta “muphietan” kartelak jarriko dituzte: “Bi emakume musuka, harreman lesbikoak azaleratzeko”. Horrekin batera, herriko saltokietan ortzadar koloreko txapak banatuko dituzte “harro” lemarekin, “iluntasunean dir-dir egiten dutenak”.
Iaz Zumalakarregi etorbideko zebrabidea eraldatuz jendarteratu zuten homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aldeko mezua maiatzaren 17an, aldarri horien nazioarteko egunean. “Espazio gehiago moldatuko ditugu”, erantsi du zinegotziak. Kiroldegiko eskailerak jarri ditu adibide gisa, baina ekintza gehiago egongo dira.
Musika, aldarrirako tresna
Ekainaren 1ean musika baliatuko dute herritarren kontzientziazioa lantzeko. “La Furiak eta Rebeca Lane rapera feministak joko dute Kasinoan, 21:30ean”, adierazi du Meatzak. Sarrerek 5 euro balioko dute, eta maiatzaren 21etik ekainaren 1era egongo dira salgai udaletxeko Berdintasun Arloan eta Laudioko Kultura Etxean. “Matxismo eta homofobiaren aurka borrokatzeko antolatu dugu”.
Argazki lehiaketa
Bestalde, “Zergatik zara heterosexuala?” dinamika berritua aurkeztu dute, “aire freskoa” emanda. Izan ere, argazkiak izango dira lehiaketaren funtsa; sexu aniztasuna irudikatzen duten irudiak eskatuko dituzte. Ohi bezala, webgunean jasoko dituzte txapelketako oinarriak. Lanak maiatzaren 17tik ekainaren 17ra aurkeztu ahalko dira, kolorez edo zuribeltzean. Adinaren arabera, hiru kategoria zehaztu dituzte, 12 urtetik gorakoentzat beti ere. Parte hartzea, baina, Aiara Kuadrillako herri guztietara zabaldu dute.
Argazkiak bidaltzeko “@AniztasunariBai” erabiltzailea sortu dute sare sozialetan: Facebook, twitter eta instagramen. Bildumak pilatzeko, aldiz, “#AniztasunarenAlde” traola baliatuko dute. Uztailaren 2an banatuko dituzte sariak.