Atzo arratsaldean egin zen CD Laudioren batzar orokorra Laudioko Kultura Etxeko Arraño gelan. CD Laudioren zuzendaritza berria hautatzea zen bileraren xedea, eta hala egin zuten. Carlos Larrory enpresaria prest azaldu da aurreratzean klubaren kudeaketaz arduratzeko, bere zuzendaritza-taldearekin batera. Hala jakinarazi du klubak bere web-gunean plazaratutako albistean.
Bahitura judiziala
Klubaren egungo egoera ekonomikoaren berri eman zuen Jose Gomezek atzo eginiko batzarrean. Orain arte CD Laudioren presidentea izan da bera, eta klubaren aurkako bahitura judizial bat existitzen dela jakinarazi zuen bileran. Hala ere, Larroryren zuzendaritza-taldeak adierazi du egoera horren berri duela eta arazoa konpontzeko modu bat plazaratuko duela laster.
Jaiotzez Laudiokoa da Larrory, eta futbolaren munduarekin harremana du. CD Vitoria lehendakariordea da, besteak beste.
Datorren ekainaren 30ean hartuko du lan-talde berriak klubaren kontrola. Hala ere, lanean hasi dira jada, euren kirol eta ekonomia proiektuak lehenago aurkezteko asmoa baitute. “CD Laudio merezi duen tokian berriz jartzea da lan-talde berri honen helburua”. Hori dela eta, talde nagusia Preferente mailan mantentzea eta Kadete A taldearen igoera berrestea izango dute helburu, Klubeko kideek azaldu dutenez.