"Ez diogu hockeyan jolasteari uko egingo"

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko mai. 20a, 21:37
Urteak igaro ditu Nuria Larrinagak hockeyan jolasten, goi-mailako kategorian ere aritu da. / Aiaraldea.eus

NURIA LARRINAGA (Laudio, 1964) urte luzez aritu da hockeyaren goi-mailan. Orain sticka esku artean hartzeko aukera izango du berriz, Bartzelonan izango da uztailaren 25etik abuztuaren 5era Munduko Txapelketan jokatzen.

Urteen ostean hockey zelaian zara berriz, norekin eta Espaniar Selekzioarekin. Nola heldu zara horra? 
Espainiar Selekzioak entrenamendu bat egin zuen duela hilabete inguru, hemen, Gardeako zelaian. Hasieratik neukan susmoa zer edo zer proposatu behar zidatela, behin eta berriro eskatu baitzidaten beraiekin entrenatzeko. Azkenean etorri eta eurekin batera Bartzelonan jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzeko eskatu zidaten.

Hasieratik animatu zinen Selekzioarekin aritzera?

Ez, inondik inora. Kostatu zitzaidan erabakia hartzea. Azken finean, urte asko igaro dira  Hockeyan aritzen nintzenetik. Etxekoen babesa eta animoak ezinbestekoa izan dira, nigan konfiantza osoa jarri dute. Beraiei esker hartu nuen erabakia. Orain bai, oso ziur eta motibaturik nago, polita izango da.

 

"Etxekoen babesa eta animoak ezinbestekoa izan dira, nigan konfiantza osoa jarri dute"

 

Zenbat igaro da Hockey-an jolasten ez duzunetik?

Hiru urte igaroko ziren Laudion geneukan emakume taldetxoa desegin zenetik. Entrenatzeko geratzen ginen eta lagun-arteko partidak jokatzen genituen. Aurretik, ez dut gogoan zenbat urte pasa diren Aiara Hockey taldea utzi genuenetik. Goi-mailan aritu izan ginen jolasten garai hartan, gutxienez bi aldiz igo ginen ohorezko mailara.

Garai hartako inorekin kointzidituko duzu orain Selekzioan?

Ez, ez dago nirekin jolasten zuen inor orain. Gehienak gazteagoak ziren, eta ez daude nire kategorian. Getxoko eta Donostiako jokalariekin elkartuko naiz, guztira Euskal Herriko zazpi emakume joango gara Bartzelonako Munduko Txapelketara, bat zalantzan dagoen arren, lesionatuta baitago.

Nolakoa izan da berriz ere jokatzera itzultzea?

Nik oso ondo ikusi dut nire burua, oso gustura aurkitu naiz Espainiar Selekzioarekin egindako entrenamenduetan, uste dut ez dudala maila galdu. Ikusi beharko da orain zer gertatzen den Munduko Txapelketan (barreak) ez dut uste selekzio guztiak berdinak izango garenik.

Nola ari zara Munduko Txapelketa prestatzen?

Fisikoa egiten hasi naiz. Egunero ateratzen naiz korrika egitera eta arratsaldetan Gardeara hurbiltzen naiz Ganbegiko jokalariekin batera jolastu eta pilota pixkat ikutzera. Kostatzen ari zait martxa hartzea, ez pentsa, aurrekoan gorputza guztiz minduta esnatu nintzen, baina oso gogotsu nago, esperientzia polita izango da, seguru.

Zer espero duzu Munduko Txapelketaz?

Ondo pasatzea eta jolasteko aukera izatea, horrekin konformatzen naiz. Zalantzarik ez dut esperientzia itzela izango dela. Ni master 50 kategorian arituko naiz baina badira beste kategoria asko ere, hockeyaren festa izango da Bartzelonakoa. Gure kategorian 19 selekziok hartuko dugu parte, oso kopuru ona da. Gustatuko litzaidake munduko hockey selekzio handiren baten kontra aritzea, Australia edo Herbehereak.

 

"Guk, jokalariok, asumitu beharko ditugu txapelketako gastu guztiak"

 

Nola finantzatuko ditzue txapelketako gastuak?

Hori da kontua. Guk, jokalariok, asumitu beharko ditugu txapelketako gastu guztiak, bai Bartzelonako Munduko Txapelketakoak baita entrenamendu saioetakoak ere. Oso tristea da baina ez da ezer berria, hockeya ez da futbola. Laudioko hockey taldeetako jokalariek urteak daramatzate inongo dirulaguntzarik gabe gastu guztiak asumituz. Ari gara babesleren bat bilatzen, baina oso zaila da. Pasioak mugitzen gaitu, ez diogu Hockeyan jolasteari uko egingo.

Urte guzti hauen ostean, nola ikusten duzu Hockeya Aiaraldean?

Zoritxarrez behera doan zerbait da, ez dakit zergatik. Garai batean talde asko zeuden Laudion bertan, orain bakarra geratzen da. Harrobia badago eta gaztetxoak badatoz atzetik, baina zaila da jokalariak mantentzea, futbolarekin lehiatu beharra dago. Neska taldeak ere behera doaz, Laudion zeuden neska gazteak Getxora joan behar izan dira jolastera herrian ez baitzegoen taldea mantentzeko adina jokalari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide