Uztailaren 28an -larunbata- egingo dute Aretako Trail Lasterketaren bigarren edizioa. 18:00etan hasiko da norgehiagoka Aretako zubitik abiatuta, iaz goizez izan zen. Korrikalariek 12 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 750 metroko desnibel positiboarekin.
Antolatzaileek jakinarazi dute bi hornidura puntu egongo direla, 5,5. kilometroan bata eta helmugan bestea.
Izen ematea zabalik
Atzo ireki zen izena emateko epea. Webgune honetan egin daiteke inskripzioa, uztailaren 23ra arte. Antolatzaileek aurreratu dute 200 parte hartzaile onartuko dituztela gehienez.
Hori bai, izen-ematea garestitu egingo da denbora igaro ahala. Inskripzioa ekainaren 1ean edo lehenago egiten dutenek 8 euro ordaindu beharko dituzte. Beranduago egiten dutenek, aldiz, 10 euro.