"Hemen sekulako ordena duzue! Perun egunero eta gauero dago zarata handia!"

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko mai. 19a, 21:42
Egun Tolo tabernan lan egiten du Luis Vera Trujillok. / aiaraldea.eus

LUIS VERA CASTILLO (Trujillo, 1966) peruarra da. 11 urte daramatza Laudion sukaldari lanetan. Hango eta hemengo bizimoduaren gorabeherez mintzatu da.

Perutik Laudiora, itsaso bat baino gehiago dago.

Bai, duela 11 urte inguru etorri nintzen Perutik hona, Laudiora, 40 urterekin. Etorkizun hobea nahi nuelako egin nuen alde. Aldaketa handia izan zen, ezin da konparatu hango eta hemengo egoera.

Zein izan zen bidaiatzeko arrazoia?

Han lana nuen, baina hemen gehiago ordaintzen zutelako etorri nintzen. Egun, sukaldari laguntzailea naiz Tolo tabernan. Javik, jatetxeko jabeak, proposatu zidan hona etortzeko Perutik; asko dut berari eskertzeko. Perun iturgina nintzen, baina nahiago dut oraingo lana. Ahal izanez gero, hemen geratzea nahiko nuke, ohitu egin bainaiz.

Herritik urrun, nola bizi da herrimina?

Mugikorren bidez edota bideo-deiekin komunikatzen naiz gaur egun. Urtarrilean joango naiz Perura berriro, 2010ean joan nintzen lehenbizikoz eta azkenekoz. Ahizpa-neba asko gara, 11! Nire arreba bat Milanen dago, Italian. Estatu Batuetan ere bi senide ditut, beste bat amarekin bizi da... Perun ohikoa da jendeak mundura alde egitea. Lehenbizi, ordea, Limara joatea da ohikoena; herrixketatik hirira. Hiriburuan, baina, gaizki begiratzen gaituzte, beste klase sozial batekoak bagina bezala. Trujillo Peruko bigarren hiririk handiena da eta gaizki begiratzen gaituzte, atera kontuak!

 

“Gogoan dut lehen egunetan oso itsusia iruditzen zitzaidala hau: ez nituen sekula tximistak ezta mendiak ikusi aurrez!”

 

Euskal Herrira etortzean, zerk harritu zintuen gehien?

Euriak eta tximistak. Han eguraldi oso ona izaten dugu. Gogoan dut lehen egunetan oso itsusia iruditzen zitzaidala hau: ez nituen sekula tximistak ezta mendiak ikusi aurrez! Janariak ere harritu ninduen, askoz garbiago jaten duzue zuek, ez duzue hainbeste espeziarik erabiltzen. Gurean ohikoa da pikantea.

Harremantzeko moduetan ere bada alderik?

Liman urte batzuk eman nituen, eta han egunez zein gauez egoten da jendea kalean. Dendak, tabernak... zabalik egoten dira goizaldeko lauretan ere. Egoera ekonomikoari dagokionez, hemengoaren antzerakoa da euroa dagoenetik.

Hemen, iluntzeko zortzietatik aurrera apenas dago zaratarik. Sekulako ordena duzue. Perun egunero eta gauero zalaparta handia dago! Inork ez du debekatzen oihu egitea!

 

“Perun iturgina nintzen, baina nahiago dut oraingo lana”

 

Sukaldaria zara. Han eta hemen, elikagaiak eta sukaltzeko moduak ez dira berak...

Ez. Perun patata horiak, moreak... daude. Askoz garbiago jaten duzue, gainera. Guk espezie pila botatzen dizkiogu plater orori. Patata tortilek eta paellek asko harritu ninduten, asko gustatzen zitzaidan.

Peruko zein jaki hautatuko zenuke?

Perutik Cevichea botatzen dut faltan; gordin jaten den arraina da, limoiarekin ondua. Boniatoa eta letxugarekin zerbitzatzen da.


“Herrixketan cumbia edo chicha entzuten da, baina Liman ezin dute jasan”

 

Kultura edo ohiturei dagokienez, zer nabarmenduko zenuke zure herrialdetik?

Musika zeharo ezberdina da, tokian toki. Limakoak oso harroak dira, herrietatik gatozenak gaizki begiratzen gaituzte. Herrixketan cumbia edo chicha entzuten da, baina Liman ezin dute jasan.

Zuen ospakizunak nolakoak dira?

Inauterietan, adibidez, zuhaitz bat moztea ohitura da Peru osoan. Gau osoan zehar dantzan ibiltzen gara haren inguruan. Biharamunean zuhaitza mozteari ekiten zaio herritarren artean, eta botatzea lortzen duena izaten da hurrengo urtean landatzen duena! Haurrek izan ezik, beste guztiok hartzen dugu parte, emakumeek eta gizonek! Bestalde, jendeak ez du mozorrotzeko aukerarik, baina umeek harrapatu egiten bazaituzte aurpegia margotzen dizute; edo ur baldea bota!

Gabonetan, berriz, umeak dira nagusi; opariak ematen zaizkie gauerdian. Hori bai, hemen ez bezala han ez ditugu herriko jaiak ospatzen! Hona etorri nintzenean zur eta lur geratu nintzen gazteak jantzi bereziak eta ezberdinak zituztelako, kuadrilletakoak!

 

“Hona etorri nintzenean zur eta lur geratu nintzen gazteak jantzi bereziak eta ezberdinak zituztelako, kuadrilletakoak”

 

Aiaraldean peruar ugari zaudete. Elkarren artean baduzue harreman edo sarerik?

Amurrio da peruar gehien dituen herria, Urduñan eta Laudion baino gehiago. Ni, zintzoa izanda, Laudion bizitzera ohitu naiz; oso murgilduta nago hemengo bizitzan. Quechuaz ez dugu hitz egiten, gaztelera eta ingelesa ikasi baitugu eskolan. Ustez, gure jatorrizko hizkuntza da, baina gure herrixkan ez dugu ikasi.

Nola utzi zenuen Peru duela 10 urte?

Ustelkeria askorekin. Lehen ez zegoen trenik, baina orain bai. Garatzen doala uste dut. Trujilloko egoera zein den ez dakit, aldatuko zela imajinatzen dut.

Eta nola topatu nahiko zenuke?

Utzi bezala, baina badakit ezinezkoa izango dela. Oraintsu izan dira hauteskundeak Perun, lehendakari berria hautatu dute, aurrekoa ustelkeria kasuetan zegoelako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide