Ostiraletik astelehenera luzatuko dira Ermuko jaiak

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko mai. 21a, 12:06
Erronka beritkala da azken urteetan jendetza erakarri duen ekintzetako bat. / Aiaraldea.eus

Mota askotako ekitaldiak prestatu dituzte. Larunbatean izango da "Erronka bertikala". Historia ibilaldia, artzain txakur txapelketa eta haurrentzako ekintzak ere egongo dira. 

Ostiralean Laudioko Herriko plaza izango da Ermuko jaien topaleku. Hain zuzen, 19:00etan umeentzako diskodantza egongo da, eta ondoren txokolate jana. Horrez gain, parrillada egingo dute. Festak herrira hurbiltzeko helburuarekin erabaki zuten duela urte gutxi, ostiraleko egitaraua Aldai plazan gauzatzea.

Larunbata, egun nagusi
Larunbata izango da egun nagusia. 10:00etan hasiko da "Erronka bertikala" kirol proba, Ugarteko plazatik. Altzarrate Taldeak antolatuko du lehiaketa, eta parte hartze handia aurreikusi dute. Eguerdiko 12:00etan, aldiz, bisita gidatua eskainiko du Eneko Oruetak Ermualden.

Igandean, berriz, historiari helduko diote. Izan ere, "Karlistaldia" izenburupean ibilaldi gidatua egingo dute, Ugarteko plazatik 8:30ean abiatuta. 10:30ean aurreikusi dute Gazteluzarretik igarotzea. Azalpenak Gorka Martinek eta Iban Roldanek emango dituzte.

Artzain txakurren erakustaldia jasoko dute Ermualdeko zelaiek eguerdian. 13:00etan hasiko da saioa, Arateren eskutik. Horrez gain, erromeriarako tartea ere izango da, Lontxo taldea oholtzaratuko baita goiz eta arratsaldez.

Astelehenean, dantzak eta jolasak protagonista
Ohiturei jarraiki, astelehenean ere igoko dira Ermualdera herritarrak. Goizean zehar, umeentzat egur-jolasak egongo dira, Kalakako kideen laguntzarekin. 12:00etan, aldiz, Itxarkundia taldearen dantza erakustaldia egongo da. Umeen ikuskizunarekin bukatuko dira festak, astelehenean 16:00etan izango da azken ekintza.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide