"Beyoncerekin dantzatzea izango litzateke nire amets handiena"

Aitor Aspuru Saez 2018ko mai. 23a, 14:45

SAYDI LUBANZADIO ALDAMA (Laudio, 1996) dantzaria da eta Fama ¡a bailar! telebista saioko lehiakide oso ospetsua bilakatu da. Hamar aste igaro ditu bertan eta Laudioko eta kanpoko errealitatera moldatzen ari da orain. Baina ez da denbora asko egongo herrian, lanean jarraitu nahi baitu munduko elitera heldu arte.

Iragan astean atera zinen Fama: a bailar saiotik, nola sentitzen zara?

Nekatuta nago, baina pozik. Nire lana ondo egin dut, eta orain informazioa jasotzen ari naiz.
Aldaketa ez da oso handia izan, baina igartzen dudan zenbait gauza saioaren ondorio dira: esnatzen naizenean pentsatzen dut mikrofonoa jarri behar dudala eta azkar, beti berandu heltzen bainintzen. Oso modu bortitzean suspertzen naiz eta mikrofonoa bilatzen dut.

Bestalde, ezustean harrapatu nau jendearen maitasunak. Ikusten dudanean nirekin hunkitzen direla gogoak ditut esateko oso arrunta naizela. 

Edonola ere, ondo daramat. Kide batzuek oso txarto pasa zuten. Astebetez egon ziren negarrez eta galaren ordua hurbiltzen zenean urduritu egiten ziren. Ni oso lasai egon naiz.

Ospetsuagoa zara orain, baina dantzaren esparruan asko ikasteko parada eman dizu saioak?

Nituen gabeziak hobetzeko balio izan dit. Azken finean, asko landu ditugu nik ezagutzen ez nituen estiloak. Lagundu nau, zentzu horretan, elikatzeko, eta nire burua ezagutzeko. Orain badakit pazientziarik ez dudala, eta gauza txiki ugari lehen ez nekizkienak. Bizitza osorako esperientzia izan da eta seme-alabei eta ondorengoei kontatuko diet.

Telebistan alde gozoa ikusten da bakarrik, baina zein egoeran lehiatu zara?

Gogorra da. Ni 17 urterekin joan nintzen Parisera dantzatu nahi nuelako. Hori ere ez zen xamurra, hasieran aitarekin egon nintzen, baina gero erabat bakarrik. Horrekin alderatuta, uste nuen Fama ¡a bailar! erraza izango zela, baina ez du zerikusirik izan.

 

"Parisera joan nintzen dantzatzera eta horrek bizitza aldatu ninduen; bakarrik egon nintzen, etorkina bilakatu nintzen..."

 

Parisen zein telesaioan zure ametsak lortzeko borrokatzen zara, baina ez da gauza bera. Parisek bizitza aldatu ninduen; etorkina izatea, hizkuntza ez menperatzea...

Ordea, Famaren alderik zailena kanpoko informaziorik ez izatea zen. Tontokeria dirudi, baina ez nekien jendeak gogoko ninduen edo ez. Buruak hortik jotzen du maiz, baina ez genuen denbora tarterik horri buruz pentsatzeko.

Horrez gain, oso gogorra da familiaren berririk ez izatea. Nire ama eta neba etorri zirenean platora, negarrez hasi nintzen eta konturatu nintzen zenbat maite ditudan eta zenbat maite nauten. Banekien, baina ikustea telebista saio batera etorri zirela nigatik... Horrek bultzada eman zidan, birritan esan bainuen saioa utzi nahi nuela.


Oso lehiakide naturala izan zarela goraipatu dute, baina nolakoa da 24 orduz grabatua izatea?

Niretzat ez zen ahalegin berezia izan telebistaren kameretara ohitzea. Kide batzuek ezin zuten. Hitz egiten ari baziren eta kamara urreratzen bazitzaien isildu egiten ziren. Nik, ordea, erabaki nuen etxean bezala jokatuko nuela.

Egia da gogorra dela ikustea batzuetan kamarara begira hitz egin dudala eta alde txarra besterik ez dutela islatu. Hala eta guztiz ere, azkar ohitu nintzen.

 

"Espero dut nire bizitza ez aldatzea"

 

Ezustea izan da ateratzea eta sumatzea lehiakiderik jarraituena nintzela. Ez nuen imajinatzen, baina bistakoa da ere batzuek ez nautela jasaten. Nire izaera, agian, ez da atsegina batzuentzat.

Arraroa da, nire buruari galdetu diot noizbait: "maite naute ala ez?". Hori bai, nire aburuz, oraindik ez dut dena barneratu. Finalera joan behar dut Madrilera, Parisera jo nahi dut prestakuntzarekin jarraitzeko, nire lagun min Loitzunerekin asmoa daukat Londresera joateko eta hori ere egin nahi dut...

Espero dut nire bizitza ez aldatzea. Egia da jende gehiagok jarraitzen nauela, baina nik bide bat dut egiteke, eta espero dut betetzea. Fama sartu da ibilbide horretan, baina aurrera egin beharra dago.

Jakina, saioaren bultzada profitatu nahi dut, eta ez naiz desagertuko egun batetik bestera, baina jorratzen ditudan estiloak oso hiritarrak dira: Londres edo Los Angelesekoak, esaterako. Ondorioz, atzerrira jo nahi dut.

Hori aipatu duzula, bi beka dituzu Estatu Batuetan ikasteko. Bat Rihanna eta Beyoncéren koreografoak eman zizun, gainera.

Bai, biak, New York zein Los Angelesekoa, egiteko irrikitan nago. Hori bai, zaila da. Los Angeleseko beka dantza ikastaro trinko batean eskuratu nuen eta egonaldia zein klaseak ordainduko dizkidate.

 

"New York eta Los Angelesera joateko bekak ditut, bat Rihanna eta Beyoncéren dantzari batekin"

 

Aldiz, Beyoncé eta Rihannaren dantzariak emandako bekaren barruan klaseak daude soilik. Hortaz, ezin naiz joan Manhattanera diru gabe. Aurreztu behar dut, lehenik eta behin. Egin nahi ditut, baina denbora beharko dut.

Fama ¡a bailar! saioan agertu baino lehen ibilbide luzea egin duzu, nahiz eta oso gaztea izan.

Bai, jende askok uste du bat-batean agertu naizela, baina txikitatik egin dut dantzari lotuta egin ahal nuen guztia. Esaterako, Bilbon dena egin dut. Ni oso pozik nago dantza ezagutzeagatik, bestela, ez dakit zer egingo nukeen nire bizitzarekin.

Hemendik aurrera ez dakit zehazki zein izango den bidea. Badakit aurrera egingo dudala, baina ez dakit nondik.

 

"Jende askok uste du bat-batean agertu naizela, eta ez da horrela. Orain mundura atera behar dut aurrera egiteko"

 

Fama erakusleihoa da. Ikasi dut eta ezagutzera eman naiz, baina lanean jarraitu behar dut, ez dit ezer konponduko. Hori da argi dagoen gauza bakarra: buru-belarri lanean jarraitu behar dudala.

Ez dakit Londres edo Parisen izango den, baina Bilbotik alde egin behar dudala uste dut. Bi urte oso zoriontsu bete ditut hemen, baina mundura atera behar naiz. Hasteko, Madrilera joango naiz klaseak jasotzeko, eta ikusteko nola doan dena. Gero gerokoak. Nik apurka-apurka egingo dut bidea, tipi-tapa.



Esan duzu etorkina izan zinela eta oso gogorra izan zela, horrek prestatu zaitu datozen erronketarako?

Bai, prest nago. Telebista saioko kideekin eztabaidatu genuen behin; kanpora aterako gara eta ezerk ez digu minik egingo. Kritikak, lesioak... denetarik izan dugu. Tontokeriei balioa kendu diet. Ezberdin sentitzen naiz.

Koreografian ez ezik, elkarbizitzan ere izan dudan esperientziarekin, uste dut ezerk ez didala ezustean harrapatuko edo minduko.

 

"Lehiaketaren alderik onena kideak izan dira"



Lehiakideak aipatu dituzu, ondo moldatu zineten?

Lehiaketaren alderik onena kideak izan dira. Beldur nintzen, espero nuen asko eztabaidatzea, baina edizio honetan dantza aldatu da eta guztiok argi genuen ez genuela realityrik nahi, dantzatzea baizik. Zorte handikoa naiz eta asko maite ditut kideak.

Behin Ken Zazpi abesten jarri nituen, eta eurek hitzak asmatu zituzten. Talde polita osatu dugu eta faltan sumatzen ditut; entzutea, negar egitea, lan egitea...

Zure ametsik kuttunena zein da?

Beyoncerekin dantzatzea. Hori da nire helburu nagusiena. Agian lortzen dut eta beste bat jartzen diot nire buruari, baina orain hori da gehien nahi dudana. Asko bidaiatu, ikasi eta lan egin beharra dago horretarako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide