Igandean Portugaletera jo zuen Koldo Ayestak Bizkaia Zubiko Maratoi Erdian parte hartzeko. 21,097 kilometroko ibilbide nahiko laua zuen aurrean eta 3. sailkatu zen ordubete, 14 minutu eta 42 segundo baliatuta.
Getxoko helmugan Aitor Mimenzak eta Jon Salvadorrek bakarrik lortu zuten laudioarra gainditzea.
Entrenamendu gogorrak
Emaitza horiek erdiesteko, lasterkariak entrenamendu saio bereziak egin zituen. Hala ere, denboraldiko azken txanpa honetan, kirolariak ez zuen argi nola erantzun behar zuen bere gorputzak. Dena den, Ayestak adierazi du: "Oso egun ona izan nuen eta erritmo polita azkenera arte mantenduta, podiumari eutsi ahal izan nion".
Eguraldi ona, baina ez lagun
Igandean egun eguzkitsua eta haizetsua izan zuten korrikalariek eta horrek, azkenean, eragin negatiboa izan zuen. Bereziki, haizearen kontra bete behar izan zutelako ibilbidearen zati bat, Getxoko bidean, alegia. Koldo Ayestaren ustez, aldagai horiek islatu dute lasterkarien markek.
Pozik
Laudioarrak azpimarratu du probako irabazlea Euskal Herriko kirolari onenen artean dagoela eta 4 minutura geratzea emaitza ona dela.