831.000 euro ordaindu beharko ditu Laudioko Udalak "irinen etxea" erosteko, jabeek behartuta

Aitor Aspuru Saez 2018ko mai. 25a, 06:50

Ibaiaren alboan dago "Irinen etxea". / Aiaraldea.eus

Laudioko Udalak 831.000 euro ordaindu beharko dizkio "irinen etxeko" jabeei, horiek epaitegira jo eta gero. Udal Gobernu Taldeak ez du uste berri txarra denik: "noizbait egin beharra zegoen, hiri antolamendutik kanpo baitago ".

Administrazioarekiko auzietako epaitegiak erabaki du Laudioko Udalak 831.000 euroren truke erosi beharko duela "Irinen etxea", Aretako zubi erromanikoaren alboan dagoen lantegi ohia, alegia.

Izan ere, jabeek behartu dute desjabetzea, eraikina Hiri Antolamendu Plan Orokorretik kanpo baitago. Lantegi ohia ibaitik oso gertu dago eta horregatik arauetatik at geratu zen. Horren ondorioz, udalak bere gain hartu beharko du hondatuta dagoen eraikina zein inguruko lursailak.

Balorazio positiboa
EH Bilduk ez du balorazio negatiboa egin. Koalizioaren ustetan, etxea bereganatzea beharrezkoa zen, antolamenduak ez baitu ahalbidetzen horrela jarraitzea, eta legedira egokitu behar da ingurua.

Gainera, udal ordezkariek nabarmendu dute administrazioarekiko auzietako epaitegiak berretsi duela Laudioko erakundeak Arabako desjabetzeko lurralde-epaimahairi egindako eskaintza. Diru kopuru hori egokia ez zela iritzita epaitegiko bidea hartu zuten jabeek.

Beste kasu bat: "Españica etxea"
Jon Ander Altube alkateordeak gogoratu du "Irinen etxea" ez dela kasu bakarra. Berez, "Españica etxea" egoera berean dago. Isasi, Ugarte, Goienuri eta Sagastiko bidegurutzean dagoen eraikin zaharra HAPOtik kanpo geratu zen duela urte batzuk, aldaketa gauzatu eta gero.

Horregatik, noizbait udalak bereganatu beharko du etxea, eta esku hartu orubea lege barruan egon dadin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide