Gaur arratsaldean bozkatuko da Laudioko EH Bilduren udal-gobernuak planteatutako inbertsio plana Udal Osoko Bilkuran. Duela bi aste eman zuen koalizioak inbertsio planen berri.
Jakinarazi zutenez, “onarpen handia” duten proiektuak sartu dituzte plan horren barruan; Altzarrateko antzokiarena edo Ugarteko plazarena, besteak beste. “Argi dugu gauzak egiteko garaian gaudela, ez gauzak esateko garaian”, azaldu zuen Jon Ander Altube zinegotziak.
Oposizioa, aurka
Oposizioak, baina, gogor kritikatu du EH Bilduren planteamendua. EAJ izan zen iritzia ematen lehena, prentsa ohar baten bidez. “Erabateko kudeaketa eta aurreikuspen falta” izatea leporatu zieten jeltzaleek udal-gobernuari, opozisioari eta herritarrei “adarra jo” izana egoztearekin batera.
Beste horrenbeste adierazi du Omniak. Inbertsio plana “xantaia” dela salatu du alderdi politiko laudioarrak. “Itxitako pakete bat da, udal-taldeek bi aukera baino ez ditzagun izan: alde edo kontra bozkatzea”.
Era berean, inbertsio planean zehaztutako proiektuetako asko lehenago egitea aurreikusia zeudela gogorarazi dute Omniako kideek. “Badirudi udal gobernua otsoaren belarriak ikusten ari dela, eta bere hauteskunde kanpaina udal-aurrekontuaren kontura egin nahi duela. Etikoki gaitzesgarria iruditzen zaigu hori”.
PSE-EEk, bere aldetik, aurrekontuen eztabaida “lapurtzea” egotzi dio udal-gobernuari. Talde sozialistak “iruzurtzat” hartu du inbertsio plana eta aurreratu du ez duela alde bozkatuko, “EH Bilduren aurpegi zuriketa babestea litzatekeelako”.
Mezu zuzena EAJri
EH Bilduk ostiraleko prentsaurrekoa baliatu zuen oposizioko taldeek eginiko adierazpenei erantzuteko.
Inbertsio plana aurkeztuko dutela berretsi zuen udal gobernu taldeak. Jon Ander Altube alkateordeak azaldu zuen plana ez zegoela “aurrekontu-dinamika batera” lotua. “Planteatzen diren inbertsioak 17 zinegotzietako hamarrek gutxienez babestutakoak dira. Inbertsio batzuen pleguak ditugu jada, irteera laukian gaude”.
Altubek mezu zuzena helarazi zion EAJri: “Eurak dira xantaia egiten ari direnak. Maiatzaren 14an bilera bat egin genuen gaiaren inguruan. Tonu onean egin genuen, eta EAJk ez zuen exijentzia bat bera ere ez plazaratu bertan”. Hori dela eta, EH Bilduk jeltzaleei eskatu die Laudion “euren 155 propioa” ez aplikatzea.