Inbertsio planeko puntuak banaka aurkeztu eta bozkatzea erabaki dute udalbatzan

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mai. 28a, 23:13

Iluntzerarte luzatu da udalbatza. / Laudioko Udala

Alkateak plenoa eten du talde guztien bozeramaileek euren artean hitz egiteko tartea izan zezaten. Horren ostean, inbertsio plana “beste modu batean” formulatuko duela adierazi du udal gobernu taldeak. Ondoren bozkatu dute EH Bilduk eginiko proposamena eta oposizioko talde guztiak azaldu dira aurka.

Mamitsua izan da Laudioko maiatzeko Udal Osoko Bilkura. Hainbat puntu eztabaidatu dira, baina batek hartu du protagonismoa: EH Bilduren udal gobernu taldeak aurkeztutako inbertsio planaren bozketa.

Aurreikusten zen bezala, tentsio handia egon da eztabaidan. Oposizioak idazki bat aurkeztu zuen gai-ordenetik kanpo, bozketa bertan behera uztea eskatzeko. Horretarako arrazoi ugari plazaratu dituzte udal talde politikoek. Txaro Sarasua zinegotziak nagusien egoitza zaharra izan du hizpide, bertan buru osasunerako zentro bat egitearen proposamena defendatuta. Kaleak asfaltatzera diru gehiago bideratu beharko litzatekeela ere aipatu du egun talde mistoan dagoen zinegotziak. PSE-EEk, aldiz, Laudiok aurrekontu batzuk merezi dituela defendatu du, EH Bilduren “hipokrisia eta xantaia” salatzearekin batera.


Tentsioak gora egin du inbertsioen eztabaida gauzatu denean


Antzeko hitzak baliatu ditu Omniak. Inbertsio planeko diru-partiden “%95a” jada onartua dagoela adierazi du Nerea Gonzalez zinegotziak. “Ez da egia Ugarteko plaza ez dela egingo guk aurka bozkatuko dugulako. EH Bilduk eskura izan du dirua orain arte, eta orain guri leporatu nahi digute euren lan falta”.

EAJk “autokritika egiten” hasi du bere hitzartzea. EH Bilduri “txeke zuri bat” eman izanaz damutu dela esan du Maider Basterra zinegotziak, eta nabarmendu du eurek ez dutela udal gobernuarekin erdietsitako akordioa apurtu. Zentzu horretan, akordio horretan ezarritako epeak ez betetzea leporatu diote jeltzaleek udal gobernuari.

EH Bilduk gogor kritikatu du oposizioko taldeen jarrera, baina EAJrena gaitzetsi du gehien. “Zuek azaldu beharko diezue auzokideei zergatik ez diren proiektuak egikarituko. Atzo arte interesatzen zitzaizkizuen”, adierazi du Amets Meatza zinegotziak. Tentsioak gora egin du minutuek eta solasaldiak aurrera egin ahala, harik eta Jon Ander Altube zinegotziak taldeen artean hitz egiteko tarte bat eskatu duen arte.

10-15 minutuko atsedenaldia egin dute horretarako. Udal-talde guztietako ordezkariak -Txaro Sarasua salbu- bildu dira denbora horretan, eta honakoa adostu dute: EH Bilduk inbertsio plana udalbatzara “beste modu batean formulatuta” eramatea, modu horretan diru-partidak bana-banan bozkatu ahal izateko.

Ez dute zehaztu noiz egingo duten hori, baina ekaineko udalbatzan edo lehenago -ezohiko udal osoko bilkura batean- izango dela aurreikusi daiteke.

Hala eta guztiz ere, Inbertsio Plana bere osotasunean bozkatzea erabaki dute, jada gaiaren inguruan eztabaidatu dutelako. Bozketaren emaitza aurreikusi zitekeena izan da: oposizioko talde guztiak agertu dira aurka.

 

Gainerako puntuetan adostasun gehiago egon da. Aurkeztu diren mozio guztiak onartu dira. Aho batez onartu da udal liburutegia udan arratsaldez irekitzea, esaterako

 

Gainontzeko puntuetan, adostasun handiagoa
Adostasun handiagoa egon da Udal Osoko Bilkurako gainontzeko puntuetan. Ahoz batez onartu dute euskara sustatzeko plan estrategikoa, hurrengo lau urteetako Euskara Sailaren jarduna zehazten duena. Udal talde politikoek aurkeztutako mozio guztiak ere onartu dira. PSE-EEk bi proposamen eraman ditu udalbatzara. Lehenak “Genero Indarkeriaren aurkako Estatu-itunean jasotako neurriak garatzeko Espainiako Gobernuak konprometitutako aurrekontua” izan du hizpide. EH Bildu eta EAJ abstenitu egin dira puntu horretan, baina gainerako talde guztiek bozkatu dute alde. Jeltzaleek adierazi dute puntuak ez diola EAEri eragiten eta euren “eskumen markotik kanpo” dagoela.

Herriko kaleetan dauden baranden egoera eta kopurua hobetzea eskatu du PSE-EEk bere bigarren mozioan. EH Bildu ez beste talde guztiek bozkatu dute alde.

Txaro Sarasuak, aldiz, Abasto plazaren egoerari buruzko mozioa aurkeztu du. EH Bildu izan da aurka bozkatu duen bakarra. Mozioan jasotzen diren zenbait gauza zuzenak ez direla aipatu du Amets Meatza zinegotziak. “Azken hirigintza batzordeetan gai honen inguruan hitz egin dugu. Ez dugu berritze proiektua kaxoi batean gordeko dugula esan, finantziazioa lortu arte itxaron beharko dugula baizik”.

Azken mozioa Omniarena izan da, eta talde guztien onespena jaso du. Udan udal-liburutegia arratsaldez irekitzea eskatu du alderdi laudioarrak. Gauzak hala, proposamena gauzatu egingo dela aurreikusi daiteke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide