Aiaraldea zeharkatuko du giza kateak igandean, milaka lagunen eskutik

Txabi Alvarado Bañares 2018ko eka. 6a, 19:59

2014an eginiko giza kateari lekukoa hartuko dio igandekoak. / Aiaraldea.eus

Eskualdea zeharkatuko du Gure Esku Dagok igande honetarako -ekainak 10- antolatu duen giza kateak. Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu ekimenak 100.000 lagunen parte hartzearekin. Aiaraldean 20 kilometro baino gehiago egingo ditu kateak, eskualdeko zein Bizkaiko hainbat herrietatik bertaratutako milaka pertsonaren laguntzarekin.  

Iragan maiatzaren 8ko herri galdeketaren ostean, Aiaraldeko Gure Esku Dagoko kideek nabarmendu zuten ekimen hura “lehen pausoa” baino ez zela izan. Argi zuten zein zen hurrengoa: igande honetan -ekainak 10- egingo den erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea. Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu ekimenak, 201,9 kilometroko ibilbidea eginez. 100.000 herritarren parte hartzea aurreikusi dute.

Giza-kateak goitik behera zeharkatuko du Aiaraldea. Arrankudiaga-Zollotik sartuko da eskualdera eta Arakaldo, Laudio, Aiara eta Amurriotik igaroko da, Altubetik ateratzeko jarraian. 20 kilometro baino gehiago egingo ditu ekimenak eskualdean barrena. Baina kilometro guztiak ez dira Aiaraldeko bizilagunen eskuetan egongo. Bizkaiko hainbat herritatik bertaratuko da jendea katea osatzen laguntzeko. Aurreikuspenen arabera, 10.000 pertsona baino gehiago bilduko dira eskualdean. Erdia kanpotik etorriko dira eta beste erdia eskualdekoak izango dira. 

Giza-katean parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Internet bidez egin daiteke, Gureeskudago.eus atarian. Modu presentzialean izena emateko aukera ere egongo da. Urduñan gaur -maiatzak 7- eta bihar egongo dira Gure Esku Dagoko kideak, 19:00etatik 20:00etara Alondegian. Laudion eta Amurrion, aldiz, Gure Esku Dagoren egoitzetan eman daiteke izena. Modu indibidualean baino, “koadrilan edo familian bilduta” izena emateko deia zabaldu dute antolatzaileek.

 

Katearen osteko ekintzak
12:00etan egingo da giza katea, eta ordu erdiko iraupena izango du. Ondoren hiriburuetara bideratuko da jendea, erabakitzeko eskubidearen aldeko jaiari jarraipena emateko. Hala ere, eskualdean ere egongo da eguna luzatzeko aukera. Amurrion herri bazkaria egingo dute, eta Peru Selektah-k girotuko du arratsaldea. Txokogorrin eta Batzokian daude salgai otordurako tiketak.

Arrankudiaga-Zollon ere egingo dute bazkaria. Ondoren, Hilean Bariku Bat eta The Pushermen taldeak arduratuko dira egunari amaiera emateaz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide