"Udagazte herri udalekuak" prestatu ditu Laudioko Udal Gaztelekuak uztailerako. 10-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako aisialdi eskaintza izango da. Bi txanda egongo dira, uztailaren 2tik 13ra eta 16tik 27ra. Astelehenetik ostiralera izango dira udalekuak, 10:00etatik 13:00etara.
Txanda bakoitzak 5 euroko prezioa izango du. Ireki dute dagoeneko izena emateko epea, ekainaren 22ra arte egongo da zabalik. Hori bai, komeni da inskripzioa ahalik eta azkarren egitea, plaza mugatuak daudelako eta izen-emate ordenaren arabera emango direlako. Laudioko Gazteria Arlora -94 403 48 50- goizez deituta edo Gaztelekura -94 403 85 83 ) arratsaldez deitu behar da horretarako.
“Gazteok erabaki eta eraikitako udalekuak”
“Gazteok erabaki, gazteok eraiki” izango da udalekuen lema. Gaztelekuko arduradunek adierazi dute gazteak izango direla zer egin erabakiko dutenak.