Mobilizazioa egin du Aiaraldeko Ernaik Laudion, Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko. 19:30ean abiatu da manifestazioa eta herriko kale nagusiak zeharkatu ditu, txistu, oihu eta kazeroladak lagun. Guardia Zibilaren kuartelaren parean geratu dira herritarrak, "Alde hemendik!" oihukatuz. Herriko plazan eman zaio amaiera mobilizazioari.
Larunbatean egingo da Altsasuko gazteen espetxeratzea salatzeko manifestazio nazionala, Iruñean. Eskualdetik busak antolatu dituzte bertaratzeko. Urduña eta Amurriotik bat aterako da eta Txokogorrin eta Mugalden eman daiteke bertan joateko izena. Laudioko autobusa bete egin da, baina bigarren bat betetzeko saiakera egingo dutela adierazi dute antolatzaileek. Baster tabernan eman daiteke izena.