Pablo Gorostiagak ere bat egin du Iruña-Veleia auzia argitzeko manifestuarekin

Aitor Aspuru Saez 2018ko eka. 15a, 08:28

Pablo Gorostiaga, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Laudioko alkate ohiak ere sinatu du testua Iruña-Veleia afera argitu dezaten erakunde publikoek, teknika zientifiko aurreratuak baliatuta. Horrela, Fermin Muguruzak, Benito Lertxundik, Amets Arzalluzek, Garbiñe Biurrunek, Toti Martinez de Lezeak edota Patxi Zabaletak, besteak beste, egin dute eskaerarekin bat.

Ekimena aurkeztu zuten atzo Gasteizen kultura, jendarte, politika eta zuzenbide esparruetako hainbat pertsona ezagunek, exijitzeko Iruña-Veleia aztarnategiko afera behingoz argitzea. Horien artean zegoen Laudioko alkate ohia, Pablo Gorostiaga, hain zuzen.

Berez, Iruña-Veleiako aztarnategian zenbait grafito arrasto topatu zituen Lurmen enpresak zeramika zatietan 2005ean eta 2006an. Enpresa horrek egindako ikerketen arabera, aipatutako elementuek erakusten dute III. mendean euskara eta fede kristaua existitzen zirela Arabako zonalde horretan.

Edonola ere, 2008an Arabako Foru Aldundiak faltsutzat jo zituen grafitoak eta epaitegian salaketa jarri zuen indusketaren arduradunen aurka. Epaiketa ez da oraindik egin eta atzo aurkeztutako testuak azaldu du: "Gure herrian irekita dagoen auzi judizial zaharrena da, horrek Eliseo Gil Zubillaga eta Oscar Escribano Sanz auzipetuei ekartzen dien guztiarekin. Azkenik, 2018ko maiatzaren hasieran jaso dute auzipetuek akusazio idatzia: Eliseo Gilentzat Arabako Aldundiak zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra eta 285.000 euroko isuna eskatzen du eta Estatuko Fiskaltzak bost urte eta erdiko kartzela eta ia 300.000 euroko isuna. Oskar Escribanorentzat, bost urte eta erdiko kartzela eta antzeko isunak".

Zehazki, manifestuaren sinatzaileek eskatu dute Iruña-Veleiako aurkikuntzak aztertzeko Europako 3 laborategi independenteetan, arkeometria teknika aurreratuak erabilita. Hori ez ezik, probak egiten dituzten zientifikoak aurretik iritzirik ez izatea ere aldarrikatu dute: "parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egin ditzatela Lurmenek grafien agerlekutzat seinalaturiko lekuen inguruetan".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide