Laudioko EH Bilduko udal gobernu taldeak mozioa prestatu du udalbatzan eztabaidatzeko. Isabel Boveda zinegotziak azaldu duenez, Arabako Foru Aldundia hasi da gizarte zerbitzuko finantzazioa adosten landa eremuko zenbait udalerrirekin -Okondo, Artziniega eta Aiara- eta kuadrillekin -Lautada eta Errioxa-.
Koalizioak adierazi du hitzarmen berriak bermatuko dutela 3.000-4.000 biztanleko gizarte langile bat egotea, Aldundiak ordainduta. Zentzu horretan, gogoratu du landa eremuko esparruaren barruan daudela Laudio eta Amurrio ere.
Gauzak horrela, aurreko hitzarmena oraindik indarrean duten erakundeetan -2003an sinatuak- Foru Aldundiak soilik finantzatzen ditu gizarte langile eta administrari banaren soldaten %80a.
Ondorioz, EH Bilduk eskatu du egungo langile guztien gastuak bere gain hartzea Arabako Foru Aldundiak, hau da, 5 gizarte langile eta 2 administrari. Izan ere, koalizioaren aburuz, hori da modua legedi bikoitza ez ezartzeko esparru horretan eta udal guztiek tratu bera jasotzeko.
Isabel Bovedak azpimarratu du gizarte zerbitzuetan gero eta inbertsio handiagoa egin behar dutela Laudion, beharrei moldatzeko.