Bisita antzeztuak egingo dituzte udan Ermualdeko aztarnategian

Txabi Alvarado Bañares 2018ko eka. 18a, 10:00

Iazko indusketei jarraipena emango diete aurten. / Aiaraldea.eus

Asteburu honetan eskainiko dute lehen saioa. Iragan astean ekin zioten indusketen fase berriari, uztailaren 20ra arte luzatuko dena. 

Uda bizia izango da aurten Ermualden. Indusketen fase berri bati ekin zioten iragan astean. “Kanpainarik luzeena izango da aurtengoa, uztailaren 20ra arte egongo baikara lanean”, adierazi du Sergio Escribanok. Arkeologo laudioarrak azaldu du iaz eginiko lanean sakontzea izango dutela helburu. “Aurreko urteetan topatutako harresia eta eskailerak lurpetik ateratzen jarraituko dugu”. Escribanok nabarmendu du Ermualdeko kasua “oso ezohikoa” dela. “Antzinan material ia guztiak biriziklatzen ziren. Kasu honetan, baina, eliza zaharraren gainean eraiki zuten eliza berria”.
 
Bisita antzeztuak
Bisita antzeztuak eskainiko dituzte Ermualden, indusketek iraun bitartean. Ekainaren 22an izango da lehen saioa -euskaraz-, 20:30ean. Hilaren 29an gazteleraz eskainiko dute bisita antzeztua, ordu berean. Uztailean ere emanaldi ugari eskainiko dute, 19:30ean guztiak: 7an -gazteleraz-, 8an -euskaraz-, 14an -euskaraz-, 15ean -gazteleraz-, 21ean -gazteleraz- eta 22an -euskaraz-.

Bisitetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, Kultur Etxera bertaratuta edo 944034920 telefonora deituta.  

Sapo producciones antzerki taldea arduratuko da Ermualdeko indusketetetan oinarritutako eszenak taularatzeaz. “Guk emandako datuak baliatu dituzte eszenak osatzeko. Oso ikuskizun berezia atondu dute”, ziurtatu du Escribanok.

Gaur egungo eliza XV. mendekoa da. Eraikinaren azpian topatu dituzte santutegi zaharragoen arrastoak. XIII. mendeko bat aurkitu dute, eta baita zaharrago bat ere, XI-XII. mendekoa. “Karbono 14arekin tratatzera eramango ditugu hainbat elementu, euren antzinatasuna zehazteko”, jakinarazi du Escribanok.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide