Asteburu honetan ospatuko dira Laudioko San Joan Astobitzako jaiak. Ostiraletik igandera luzatuko da festa, hainbat ekintzaz osatutako egitaraua lagun.
Musika eskaintza oparoa prestatu dute auzoko jai batzordeko kideek. Ostiralean lau talde igoko dira oholtza gainera: Mr. Pongo Band, Revolta Permanent, Enkore eta Urrats erromeria. Larunbatean, aldiz, Anita Parkerren elektro-swing doinuek girotuko dute auzoa, eta Akerbeltz erromeria arduratuko da jaia goizeko ordu txikietara arte luzatzeaz.
Arratsaldeko eskaintza
Baina dena ez da musika izango. Egunean zehar ere hainbat ekintzaz gozatzeko parada egongo da San Joan Astobitzako zelaian. Ostiralean haurrentzako jolasak egongo dira Arima taldearen eskutik. Galtzagorri kultur elkarteko kideek, aldiz, buruhandiak igoko dituzte. San Joan Astobitzako XIII. Krosa egingo da larunbatean. Parte hartzaileek 9 kilometroko ibilbidea egin beharko dute auzoko mendietan barrena.
Gaueko hamarretan piztuko da sua, Ttuntturro taldeko joaldunen ostean eta Akelarre dantza taldeak giroturik. Igandean goizera mugatuko da egitaraua. Ziza dastatzea egongo da Laudioko Mikologia Elkartearen eskutik. Itxarkundia dantza taldeko kideak ere bertaratuko dira emanaldia eskaintzera.
12:30ean artzain txakur txapelketa egingo da Astobitzako zelaian. Handik ordu erdira izango da meza, eta Andere abesbatzak kantatuko du jarraian.
Jai ezberdinak
"Bereziak eta ezberdinak" dira San Joan Astobitzako jaiak, antolatzaileek nabarmendu dutenez. "Adin guztietako jendea biltzen da eta kutsu herrikoi eta euskalduna dute. Apurka-apurka indartzen ari dira gainera".