Giroa tenkatuta dago Itxarkundia dantza taldearen eta Laudioko San Roke Musika Bandaren artean. Ikuskizun bateratua prestatzen ari ziren bi taldeak igande honetarako, baina azken unean bertan behera utzi dute elkarlana. Dantza taldeak oharra plazaratu du gertatutakoa azaltzeko. Adierazi dutenez, “bandako zuzendariaren etengabeko jarrera txar eta errespetu faltengatik” erabaki dute ikuskizunean parte hartzeari uztea.
Iragan larunbatean egin zuten entsegu bateratuan egondako “profesionaltasun eza” aipatu du Itxarkundiak oharrean, baina nabarmendu dute elkarlana uztearen erantzukizuna zuzendariarena dela soilik. “Musika bandako gainontzeko kideek ez dute halako jokabiderik izan”. Horregatik, musikari guztiei eskertu nahi izan diete batera lan egiteko eginiko ahalegina. Itxarkundiako kideek ez dute baztertzen etorkizunean bandarekin lanean aritzeko aukera, betiere “elkarren arteko errespetua mantenduta” bada.
Musika bandaren erantzuna
“Ahaleginak egin ditugu emanaldi bateratua aurrera atertzeko, baina azkenean ez da posible izan. Ez dugu Itxarkundia dantza taldearen jarrera ulertzen”, azaldu du Pedro Ignacio Adrián Gonzálezek -Laudioko Musika Bandako zuzendariak- Aiaraldea Gaur hedabideari eginiko adierazpenetan. Adrianen esanetan, taldeko buruak izan ziren larunbateko entsegutik alde egitea erabaki zutenak, eta igandeko emanaldia egin egingo dela nabarmendu du. “Jende askoren lana dago honen atzetik, eta ez dugu pertsona bakar baten -Itxarkundia dantza taldeko zuzendariaren- jarreragatik suspendituko”.
Musika bandaren Facebook perfilean ere plazaratu dute gaiari buruzko oharra. Mezuaren arabera, Itxarkundiako zuzendariak dantzari guztiak derrigortu zituen larunbateko entsegutik joatera. “Laudioko Bandak antolatzen du kontzertua: partiturak lortu, instrumentuak Gardeara garraiatu eta gonbidatu guztiak koordinatu ditu. Uste dugu proiektuan parte hartu duen jende guztiak dakiela beti saiatu izan garela gauzak ahal bezain ondoen egiten eta emaitza pozgarria izan dela beti”.
Musika bandaren erabakietan “muturra sartu” nahi izatea leporatu diote oharrean Itxarkundiaren zuzendariari. “Guri ez litzaiguke halakorik egitea bururatuko”. Gauzak hala, igandeko zita bere horretan mantentzen dela gogorarazi dute, “banda-herriari zor zaiolako”. 19:30ean izango da zita, Aldai plazan.
Azken urteetan hainbat ikuskizun egin dituzte elkarrekin San Roke Musika Bandak eta Itxarkundia dantza taldeak. Hemen ikusi daiteke horietako bat: