“FC Barcelonaren egungo eredua barneratzeko bi urte behar izan genituen”

Aitor Aspuru Saez 2018ko eka. 24a, 17:15

FC Barcelonarekin Europako Kopa altxatzera heldu zen Jose Ramon Alesanko.

JOSE RAMON ALEXANKO izan da, dudarik gabe, Laudioko futbol harrobiak eman duen jokalaririk ezagunena. Villosa taldean hasi zuen bere ibilbidea eta FC Barcelonarekin Europako Kopa altxatzera heldu zen, kapitain lanetan, gainera. Bizitza osoa eman du kirolean, eta oraindik ere mantentzen du lotura.

Futbolak hainbat herrialdetara eraman zaitu, baina lehenengo urratsak Laudion eman zenituen. Zer oroitzapen dituzu?

Nire lehenengo oroitzapenak futbolaren munduan Laudiori lotuta daude, nire aitak herrira eraman baininduen. Hortik aurrera gauzak oso ondo atera ziren eta gero Athletic Clubak fitxatu ninduen. Hori bai, dena hasi zen Villosan eta horretan erabakigarria izan zen Laudio.

SD Laudio edo Villosan jokatu ostean, Athletic Clubak Alavesen esku utzi zintuen. Baina berehala itzuli zinen Athleticera. Nolakoa izan zen klub profesional batean hastea?

Bai, bizpahiru jokalari laga zituen Athleticek eta niri Alaves egokitu zitzaidan. Egia esan, gustura joan nintzen, baina 4 partida jokatu eta gero berreskuratu ninduten. Zorte handia izan nuen, prestatuta egon ez ezik, gauzak ere ondo atera zitzaizkidan eta.

 

 “Nire lehenengo oroitzapenak futbolaren munduan Laudiora lotuta daude”

 

Athletic Cluben jokalari oso garrantzitsuekin aritu zinen; Iribarrekin, besteak beste.

Bai, garai horretan jokalari gazte bat nintzen, talde nagusira heldu berria. Aldagelako txoko batean jartzen nintzen, inork ezer ez esateko. Garai horretako Athletic Clubeko jokalari batzuk kondaira hutsa ziren. Kikilduta sentitzen nintzen eta oso esanekoa nintzen. Beteranoek agintzen zigutena betetzen genuen. Oso ondo egon zen. Iribarrekin jokatu nuen 4 urtez.

1980an FC Barcelonak 100 milioi pezeta ordaindu zituen zu fitxatzeko. Nolakoa izan zen Cruyff heldu baino lehen bizi izan zenuen aroa?

Nik ez nuen espero Barçak ni deitzea. Are gehiago, beste klub batzuen interesa ezagutzen nuen. Edonola ere, Italiara joatear geunden Eurokopa jokatzeko eta Duñabeitiaren eskutik agertu zen FC Barcelona. Athletic Clubak dirutza eskatu zuen nire truke, ziurrenik Barçak ezezkoa emateko, baina fitxatu ninduten.

Can Barçara heldu nintzenerako jokalariak ezagutzen nituen selekzioan aritzeagatik. Hala ere, lehenengo urte horietan FC Barcelonak ez zuen lorpen oso garrantzitsurik eskuratu.
Ni oso errotuta nengoen Athleticen eta handi samarra egiten zitzaidan hara joatea. Berez, batzuetan kideei galdetzen nien zer egin behar nuen.

Azkenik, jokoan zegoen dirutza ikusita, ulertu nuen bi aldeen mesederako zela operazioa eta joan nintzen.

 

“Nik beti eskatzen diot asko futbolari, gehienbat, berarekin harremanetan egoten uztea” 

 

Athletic Clubean ez bezala, aldagelara beste modu batean heldu zinen, ezta?

Bai, ezberdina izan zen, nagusiagoa nintzen eta jokalari guztiak ezagutzen nituen. Hala eta guztiz ere, Barçaren tamaina bestelakoa zen eta nahiz eta kideak ezagutzeak aldaketa erraztu zidan, ezberdina zen diroa: prentsarekin, esaterako.

Ondo moldatu nintzen eta ohitu nintzen fitxajeak ikustera. Adibidez, Maradona Barçara etorri zenean, ni baneramatzan urte batzuk. Guztiok geunden oso adi, munduko jokalaririk onena fitxatu baitzen, eta gurekin egondako denbora apurrean izugarri ondo portatu zen.

Geroago Schuster etorri zen, eta beste batzuk. Urte horietan bi atzerritarrek bakarrik jokatu ahal zuten talde bakoitzean, eta urtero baten bat berria heltzen zen.

Oso ezaguna egin zinen, besteak beste, Johan Cruyffek erabiltzen zintuelako galtzen ari ziren partiden azkenengo uneetan aurrelari lanetan jokatzeko. Oroitzen duzu bereziki horietako golen bat?

Johan Cruyffek egiten zuen edozein gauza une horietan askoz gehiago goraipatzen zuten, baina egia da hori ez zela nirekin asmatu. Athletic Clubean egiten nuen, eta selekzioan egiten zuten. Galtzen ari ginenean atzelari garaia erabiltzen zen golak sartzeko, baldin eta buruz ondo errematatzen bazuen.
Nik uste talde guztietan egiten dela, baina Johanek egiten zuenez, eta noizbait ondo atera zenez, ospetsua egin zen.

 

 

Johan Cruyffek sekulako eragina izan zuen FC Barcelonan eta klubaren historia aldatu du, zuek nola bizi zenuten hasieran?

Aldaketa oso garrantzitsua sentitu genuen; entrenamenduak, denborak, funtzionamendua, nola erabili pilota, nola egin aldagelaren kontrol soziala... Buruzagi bakarra zegoen; Johan. Can Barçaren barruko hainbat kontutan parte har zezakeen.

FC Barcelonako egungo eredua barneratzea nekez lortu genuen, bi urte behar izan genituen eta. Jokoa, kontrola, paseak, kokapena eta posizio bakoitzeko eginkizunak ezagutzeko denbora izan behar genuen, baina zeuden jokalariekin eta etorri zirenekin lortu genuen.

Eredu hori, gainera, ez zuen ezarri soilik lehen taldean, oinarrizko taldeetan ere jarri zuen.

 

“FC Barcelonan buruzagi bakarra zegoen; Johan Cruyff”

 

FC Barcelonako urrezko garai hori bizi zenuen, eta ez edonola, gainera, “Dream Team” ospetsuaren kapitaina izan zinen eta.

Niretzat ikaragarria izan zen eta asko ikasi nuen. Horrez gain, nire aroa bukatu zenean urte batzuk gehiago jarraitu nuen Johan Cruyffekin.

Aldagelako kontrol soziala aipatu duzu. Horrek egin zintuen FC Barcelonako kapitaina?

Hori oso garrantzitsua zen; kapitainak eta entrenatzaileak sintonia ona izatea hainbat kontu sortzeko. Talde batean iritzi ugari dago, eta esaten denaren aurka, kanpoan esaten denak eragina du; jende pilo duzu alboan eta baloratzen duzu esaten dutena.

Hori guztia egonkortu eta kontrolatu beharra zegoen. Zerbaitek aldagelaren giro onari eragin ahal zionean, esku hartzen genuen arazoak ekiditeko taldean.

Baina Romario bezalako jokalariak kontrolpean izatea ez da oso zaila?

Ez pentsa. Jokalariek baiezkoa eman dutenean eta zenbait araurekin adostasuna adierazi dutenean, ondo egiten da. Jokalaria oso ospetsua eta ona izan daiteke, baina beste 24 kideen beharra dauka.

Futbol jokalaria izateari utzi zenionean eginkizun teknikoetara jo zenuen.

Esan bezala, Johan Cruyffek eskatu zidan jarraitzeko lehen taldean laguntzen eta harrobiko zuzendari egin ninduen, 1993tik 1996ra. Hortaz, gazteen taldeen ardurak nituen eta lehen taldean 3. entrenatzailearen rola betetzen nuen, Carles Rexachekin eta Johan Cruyffekin batera. Hori ez ezik, idazkari teknikoa eta jokalarien ikuskaria izan nintzen.

Horren ostean, Errumaniara entrenatzera joateko aukera izan nuen eta bi denboraldi egon nintzen; F.C. Universitatea Craiovan eta Dinamo Bucaresten.

Gero Barçara itzuli nintzen idazkaritza teknikora eta bidaiak prestatzera. Gainera, oinarrizko futbol akademiaren zuzendari bilakatu nintzen 5 urtez eta Laporta joan zenean beste presidente bat sartu zen eta aldaketak egin nahi zituen. Hortaz, kluba utzi eta talde inbertsore batean aholkulari lanak egin nituen, jokalariei buruzko iritzia ematen.

Valencia klubean ere egon zinen, eta garai gorabeheratsuak egokitu zitzaizkizun.

Bai, presidenteak deitu ninduen eta urtebetez izan nintzen akademiaren zuzendaria eta beste batez kirol zuzendaria lehen taldean. Gero, klubaren zenbait erabakirekin ez nintzen ados egon, eta zuzendari berria sartu zen. Horrek bere kirol zuzendari propioa hautatu zuen. Hortik aurrera Valencia FC utzi nuen klubaren barruan gertatzen ari ziren gatazken ondorioz.

Aldaketa garrantzitsuak bizi izan dituzu klubetan, baina badago bestelako eraldaketa futbolean.

Oraingoari deitzen zaio “futbol modernoa”, zure garaikoarekin alderatuta. Benetakoa da ezberdintasun hori?

Nire ustez, eboluzioa ona da eta gauzak gero eta hobeto egitea ere ona da; sistemari, jokalariei, prestaketa fisikoari edo partidak jokatzeari eragiten badie. Dena aldatzen da, eta futbola ere garatu da hainbat esparrutan, oso modu positiboan.

Garaiak alderatu ditzakegu, jakina. Igarotako batzuk oso onak izan dira, baina ezberdinak, beste modu batean bizi izan dira. Ziurrenik, urte batzuetan aldaketak egongo dira eta teknika, fisikoa, edo lehiatzeko moduak ez dira berak izango.

Ate ireki pilo dago oraindik hobetzeko, edo hazteko, behintzat.

Orain esatari lanak egiten dituzu Bein Sportsen. Nola erabaki zenuen abentura berri horretan sartzea?

Proposatu zidatenean ez nengoen lanean, eta hori ere bada modua futbolean jarraitzeko, jokalari berriak ezagutzeko, eta gertatzen dena jasotzeko. Nire lana betetzeko telebista ikusi behar dut, albisteak jarraitu, baloratu, zenbat diru mugitzen den aztertu... horrek interesa sortzen dit, behartzen bainau futbolaren egunerokotasuna jarraitzera.

Bizitza osoa futbolean eman ostean, gehiago eskatzen diozu kirolari?

Nik beti eskatzen diot asko futbolari, gehienbat, berarekin harremanetan egoten uztea. Izan ere, horretan apur bat aditua naiz eta hazten jarraitu nahi dut.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide