Berrikuntzekin datoz aurtengo Sanpedropekoak. Laburragoak izango dira aurtengo jaiak, larunbatean egingo baitira ekintza guztiak. Hala ere, egitarau oparoa prestatu dute Jaiak Koordinakundeko kideek, goizetik gauera arte luzatuko dena.
"Urtez urte apustu ezberdinak egin ditugu Sanpedropekoei begira", azaldu du Ainhoa Garaiok. Antolakuntza taldeko kideak azaldu du sukalki lehiaketak jarraituko duela egitarauko plater nagusia izaten. "Ekintzarik potenteena da, 15 kazola inguru aurkezten dira", nabarmendu du. Bertso-saio baten bidez girotuko dute lehiaketa, eta bingoa egingo dute bazkariaren ostean, aurreko urteetako ildoari jarraiki.
Aldaketak
Berrikuntza ugari sartu dute aurtengo edizioan. Kokapena da horietako bat. "Azken urteetan Herriko plazan egon gara. Aurten, aldiz, Aldai plazan izango dira ekintza gehienak". Iluntzean izango da beste berrikuntza. Aurten ez da kontzerturik egongo. "Olinpiada herrikoiak" eta barbakoa egingo dituzte, Batzalarrin kalean. Garaiok aurreratu du sanrokeetan egiten dituzten jokoen tankerakoak prestatu dituztela olinpiadetarako. "Batzalarrin kalean eginda espero dugu jende gehiago animatzea parte hartzera, ez soilik koadriletako kideak".
Abuztuko jaien esperoan
Abuztuko sanrokeen hitzaurrea izan ohi dira sanpedropekoak. Koadriletako kideak euren jantziak soinean ateratzen dira kalera, abuztuko jaietan bezala. Sanrokeetan egingo dituzten ekintzak prestatzeari ekin diote dagoeneko Jaiak Koordinakundeko kideek. "Abuztuaren 17a izango da egun indartsuena, aurten ostirala delako", jakinarazi du Garaiok, "paella txapelketa, jolasgune erraldoia eta cluedo-poteoa egingo ditugu egun horretan". Horrez gain, "buelta bat" eman nahi diote baita ere Berakatz Eguneko bazkariari. "Zeozer berria egitea dugu buruan".
Gainontzeko ekintzei dagokienez, aurreko urteetako "eskema bera" jarraitzeko asmoa dute koordinakundean parte hartzen duten koadrilek.
EGITARAU OSOA
9:30-13:30 // Sukalki txapelketa, Aldai plazan
12:30-13:30 // Bertso saioa, Aldai plazan
13:30-14:00 // Sukalkien epaiketa, Aldai plazan
14:00-16:00 // Bazkaria, Aldai plazan
16:00-18:00 // Bingoa
18:00-21:00 // Kalejira
21:00-23:00 // Olinpiada herrikoiak eta barbakoa, Batzalarrin kalean