Pasa den asteartean aurkeztu zuten testu bilduma Madrilen, Alberti liburu-dendan, hain zuzen. Txani Rodriguezek hartu zuen hitza eta Elvira Lindo idazle ospetsuak ere babestu zuen ekimena.
Izan ere, Elvira Lindo bera eta Ximo Espinosa dira "La errabunda: primer tratado ibérico de deambulología heterodoxa" testu bildumaren editoreak eta "Lindo&Espinosa" argitaletxearen sortzaileak.
Hain zuzen, Txani Rodriguezen ekarpena da Bilbori buruzko testua, harreman estua baitu hiriarekin. Laudio eta inguruak agertu badira ere bere zenbait eleberritan -"Agosto" eta "Si quieres, puedes quedarte aquí, bereziki"-, bere literatura jarduera publikoa, gehienbat, Bizkaiko hiriburuan egin ohi du eta maiz ibiltzen da handik.
Gauzak horrela, paseoa da sei egileak -Sabina Urraca, Miguel Barrero, Jordi Corominas, Sergio del Molino, Sergio del Molino eta Daniel Monedero, laudioarraz gain- batzen dituen haria eta bakoitzak sortu du testua bere ibilaldietan oinarrituta.
Miguel Barrerok Xixon hartu du ardatz, Jordi Corominasek Barcelona, Sergio del Molinok Zaragoza eta Daniel Monederok Valladolid. Bildumaren beste emakumeak, Sabina Urracak, idatzi du Madrilen inguruan. Urraca oihartzun nahikoa lortu zuen, Alvaro de Marichalarrekin egin baitzuen bidaia Blablacarren eta iritzia plazaratu baitzuen horri buruz -ez oso ona, gainera-. Horren ostean, aristokratak epaitegira eraman zuen afera.