"Zuzenekoak ematen duen bertigo txikia da antzerkiaren xarma"

Aitor Aspuru Saez 2018ko eka. 26a, 12:35
Duela hamar urte hasi zen Lucia Martin Menoyo antzerkiaren munduan lehen pausoak ematen. / Aiaraldea.eus

LUCIA MARTIN MENOYO laudioarra Kamerino antzerki taldeko kidea da eta larunbatean emanaldia egin zuten Bilbon. Asteburuko esperientzia eta diziplina horrekin duen harremana kontatu du.

Oholtzara igo zara asteburuan antzezteko, nolakoa izan da emanaldia?

Emozioz beteriko eguna izan zen eta oso azkar pasatu zitzaigun dena, sarrerak agortu egin ziren -asko gara eta senide eta lagun ugari ekarri genituen- eta aretoa leporaino beteta zegoen. Beti dago zer hobetu, baina orokorrean emanaldiarekin pozik geratu ginen, kriston giroa izan genuen kamerinoan.

Ez da lehen aldia oholtza gainean zuretzat, nola sentitzen zara?

Oso zaila egiten zait oholtza gainean urduritasunari eustea, baina zuzenekoak ematen duen bertigo txiki hori da aldi berean antzerkiaren xarma. Gure zuzendariak dionez, erabat presente egotea da kontua, ahalik eta gizatasun, sentsibilitate eta indar handienaz.

Zer antzezlan aurkeztu duzue, noiz eta non?

Alfredo Sanzolen Días estupendos antzeztu dugu, ekainaren 23an, San Juan bezperan, Pabellon Nº 6n.  Antzerki amateurreko emanaldi batzuk eskaintzen ari dira bertan, hainbat eskola eta ikastaroko taldeekin. Guretzat oso aukera polita da Pabellonen egitea, behin baino gehiagotan egon gara ikusle bezala. Orain, aldiz, oholtza gainean!

 

"Kabia konpainiak eskaintzen duen sorkuntza eszenikoko ikastarotik dator gure taldetxoa"



Nola hautatu zenuten lana? Zergatik?

Kabia konpainiak eskaintzen duen sorkuntza eszenikoko ikastarotik dator gure taldetxoa, Kamerino izenekoa. Iaz ikastaro hori egin genuen ia guztiok Kamerino osatzen dugu orain, ikastaroaren azken partea antzezlan bat prestatzean datza eta Borja Ruizek, gure irakasleak, Días Estupendos proposatu zigun. Gu pozik, testu umoretsua baita eta hausnarketarako ere ematen baitu.

Zenbat denbora behar izan duzue prestatzeko?

Iazko martxoan hasi ginen ikasturte amaierarako prestatzen eta aurten apirilan edo berriro hartu genuen Pabellon Nº6n egiteko aukera suertatuko zitzaigunean. Hainbat aldaketa eta sorpresa gehitu dizkiogu emanaldiari, ukitu berezia ematen dion zuzeneko musika, adibidez.

 

"Hainbat aldaketa eta sorpresa gehitu dizkiogu emanaldiari"



Zer pertsonaia mota antzeztuko duzu zuk? Zergatik?

Nire pertsonaia eta bere lagunek norbait agurtu behar dute uda zoragarria elkarrekin pasa eta gero, agian sekula berriro ez ikusteko, despedida bitxia da.

Nortzuk osatzen duzue taldea, nola elkartu zineten?

13 pertsona gara, oso adin, forma eta gustu ezberdinetakoak. Antzerkiak batzen gaitu eta hori polita da. Elkar topatu genuen iaz Kabiaren sorkuntza eszenikoko ikastaroan.

Noiz hasi zinen antzerkian eta zerk bultzatu zintuen horretara? Zer da zuretzat erakargarria arte diziplina horretan?

Duela hamar bat urte hasi nintzen ikastaro solteren bat egiten. Utzi egin nuen gero, baina azken hiru urteetan berrartu dut Kabiaren ikastaroekin eta Kamerinon orain. Barrukoa ateratzeko eta norbera ezagutzeko modu ona dela uste dut, jolasten egiten duzulako gainera. Taldekideekin ere harreman ederra eta erreala sortu ohi da.   

Etorkizunean emanaldi gehiago eskainiko dituzue?

Ez dakit antzezlan honen emanaldi gehiago egongo diren. Baina honena ez bada, beste antzezlan batena seguru, badugu zerbait gehiago erdi prestatua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide