Juan Angel Lekanda: "Nire agerpena zentsuratu dute ETBn 'Altsasukoak aske' leloko kamiseta janzteagatik"

Aitor Aspuru Saez 2018ko eka. 26a, 14:00

Juan Angel Lekanda. / Aiaraldea.eus

Laudioko tokiko ekoizlea ETB-2ko saio batean agertu behar zen, baina "Altsasukoak aske, muntaia polizialik ez" leloa jasotzen zuen kamiseta eraman zuen grabaketara eta, azkenean, ez zuten bere adierazpenik jaso.

Pasa den astean Juan Angel Lekanda Laudioko tokiko ekoizleak hitzordua zuen ETB-2ko saio famatu batekin. "Ez dut bere izena esan nahi, ekoizpen etxekoek ez dutelako errurik, EITBko zuzendaritzaren erabakia izan baitzen", azaldu du.

Astean zehar igortzen da saioa eta gastronomiari lotuta dago, hori bai. Laudioarra bere jarduerari buruz mintzatu behar zen. Egun horretan Altsasuko auzipetuen aldeko leloa zuen kamiseta janztea erabaki zuen Lekandak, eta ekoizpen etxeko langileek jakinarazi zioten EITBk ez ziela baimentzen horrelakorik jasotzea.

Tokiko ekoizleak, bere aldetik, erantzun zuen ez zuela kentzeko asmorik. Azkenean, ekoizpen etxeko kideak EITBrekin jarri ziren harremanetan eta erakunde publikoak erabaki zuen Juan Angel Lekandaren grabaketa ez egitea.

Laudioarrak zentsuratzat jo du gertatutakoa: "ulertuko nuke gorrotozko mezua zabalduko balu nire arropak -xenofoboa, adibidez-, baina kamisetak euskal gizarteko zati handi batek salatzen duena besterik ez du adierazten".

Aiaraldea.eus harremanetan jarri da goizean EITBrekin bere bertsioa plazaratzeko baina, momentuz, ez du erantzunik izan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide