Ia astebete iraungo dute aurten Ugarteko jaiek. Uztailaren 31n izango da txupinazoa, baina aurreko igandetik egongo da giroa auzoan, egun horretan egingo baita Mus Azkar Txapelketa. “Hiru urte daramagu norgehiagoka hori antolatzen”, azaldu du Aitor Otaola Soriak, “80 bikote baino gehiago egon ziren iaz”.
Duela hiru urte sartu zen Otaola Ugarteko jai batzordean, beste kide batzuekin batera. Ilusioz eta gogotsu ekin zioten lanari, eta hainbat berrikuntza sartu zituzten egitarauan. Musika eskaintzan jarri zuten indarra, hainbat estilotako taldeen emanaldiak eskainiz. Aurten ere egongo da zer entzun auzoan. Boca Beats bikotea igoko da oholtzara ostiralean, umorea eta musika uztartzeko. Larunbatean, aldiz, Fito y los Fitipaldis taldearen tributu batek joko du. Bi egunetan egongo da parranda goizeko ordu txikietara arte luzatzeko aukera, disko-festaren erritmora.
Bingoa, jaietako izarra
Otaolaren arabera, nagusien bazkariaren osteko bingoa izan zen iazko ekintzarik arrakastatsuena eta, aldi berean, merkeena. “Aurten, baina, ez dugu berbena jarri bazkalosterako. Bakarrizketa bat egongo da horren ordez, ETBko aktore batzuen eskutik”.
Larunbat goizeko tokiko produktuen azokan ere berrikuntza bat txertatu dute. “Egurra lantzen duten bi bizilagun bertaratuko dira eta pieza bana egingo dute, ondoren zozketatzeko”, jakinarazi du Otaolak, “motozerrarekin aritzen den pertsona bat bertaratuko da baita ere eta hainbat lan egingo ditu. Horiek ere zozketatuko ditugu”.
Jai erosoak
Jai batzordekoen arabera, geroz eta jende gutxiago bertaratzen da Ugarteko jaietara, baina ez dira gutxi urtez urte auzora igotzen direnak. Otaolaren aburuz, "gertutasuna" da arrakastaren gakoetako bat. "Herriaren erdigunetik bi pausora dago auzoa, eta horrek asko errazten du jendea bertaratzea".
EGITARAU OSOA
Uztailak 29, igandea
- III. Mus Azkar Txapelketa
Uztailak 31, asteartea
- 12:00 // Jaien pregoia eta txupinazoa
- 13:30 // Azeripotok girotutako poteoa
- 14:30 // Atzoko gaztearen bazkaria
- 17:00 // Bingo herrikoia
- 19:30 // Bakarrizketa
Abuztuak 1, asteazkena
- 17:00 // Umeentzako jolasak
Abuztuak 2, osteguna
- 16:00 // Umeentzako puzgarriak, monopatinak eta disko dantza
Abuztuak 3, ostirala
- 18:00 // Hime eta zunba erakustaldiak
- 19:30 // Herri kirolak
- 22:00 // Bocabeats
- 00:00 // Disko dantza
Abuztuak 4, larunbata
- 11:00 // Tokiko produktuen azoka
- 12:00 // Egur lanketa erakustaldia
- 15:00 // Herri bazkaria
- 22:00 // Fito y los fitipaldis-en tributua
- 00:00 // Disko dantza