Uztailaren 25ean hasiko dira aurten Aretako Jaiak. Arratsaldeko seietan pilatuko da jendea Kultur Etxeko balkoiaren azpian, pregoia entzun eta jaiei hasiera emateko prest. Aurten Aretako Gazte Asanbladari egokitu zaio pregoilari eta txupinero izatea. Ibilbide laburra izan arren, nahiko talde aktiboa da gazte asanblada. Jaiei begira bi ekintza prestatu ditu: jaien bigarren egunean egingo diren umeentzako tailer eta jolasak eta hirugarren egunean egingo den ElektrotxarA.G.A.
Bost egunez luzatuko da jaia, hainbat motatako jarduerak lagun. “Adin guztientzako egitaraua osatu dugu”, azaldu du Unai Llanok. Jai batzordeko kideak aipatu duenez, gastronomiak pisu berezia du jaietan: “Zaletasun handia dago, eta horrek isla izango du jaietan: Tortilla, paella eta marmitako txapelketak egongo dira”. Umeentzako tailer gastronomikoa errepikatuko dute baita ere, “iaz izan zuen arrakasta ikusita”.
Rafa Olabarriaren omenezko pilota txapelketa egingo dute jaietan
Musika eskaintza
Musikak ere pisu handia izango du jaietan, egun guztietan egongo baitira kontzertuak. Lehen egunean Hilean Bariku Bat talde orozkoarrak joko du, arratsaldean. Gaubela egongo da gero Kultur Etxean, Igor Arzuaga eta Mikel Urdangarinen eskutik. Ostegunean -uztailak 26- Barau eta Ostabe taldeek joko dute. Ostiralean, aldiz, tributu gaua egingo dute, La Txirla Records eta Picadura taldeekin. La Polla Records eta Barricada taldeen bertsioak jotzen dituzte bi talde horiek, hurrenez hurren. Ingo al deu? erromeriak hartuko du jarraian festa luzatzearen ardura.
Larunbatean, aldiz, rock eta ska doinuek hartuko dute txosnaguneko oholtza, Isildu zaitez eta Skabidean taldeen eta Ozen erromeriaren eskutik.
Rafa Olabarria gogoan
Rafa Olabarria ere gogoan izango dute jaietan. Martxoan zendu zen Herriaren elkarteko presidentea, eta bere omenezko pilota txapelketa egingo dute jaietan. Ostiralean -uztailak 27- jokatuko dira finalak, 17:00etan frontoian.
EGITARAU OSOA
Uztailak 25, asteazkena
- 17:30 // Tortilla txapelketa
- 17:30 // Soka Laudiotik Aretara
- 18:00 // Pregoiaren irakurketa, txupinazoa eta jaien hasiera Aretako Gazte Asanbladaren eskutik
- 18:15 // Aretako buruhandien eta Sorginlarrenen kalejira
- 18:30 // Kalejira Aretako txistulariekin
- 19:00 // Artzain txakur lehiaketa Santa Anan
- 19:30 // Erromeria Hilean Bariku Bat taldearekin
- 19:45 // Tortilla Txapelketaren sari banaketa eta dastatzea, Jubilatuen Klubean
- 21:00 // Gaubela Kultur etxean Igor Arzuaga eta Mikel Urdangarinekin
Uztailak 26, osteguna
- 9:45 // Alpitxura igoera
- 10:00 // Mugarrietara bisita
- 12:00 // Umeentzako gastronomia tailerra
- 12:00 // Santa Anaren omenezko meza
- 13:00 // Dantzak Ubixeta taldearekin
- 14:00 // Umeentzako bazkaria
- 14:30 // Nagusien bazkaria eta omenaldia, Onievan. Jarraian dantzaldia egingo da
- 17:00 // Umeentzako tailer eta jokoak, gazte asanbladaren eskutik
- 19:00 // Federatuen pilota partiduak, frontoian
- 21:00 // Ostabe eta Barau taldeen kontzertuak
- 22:00 // Berbena jubilatuen klubean
Uztailak 27, ostirala
- 11:00 // VII. Paella Txapelketa
- 12:00 // Poteo joteo
- 14:30 // Sari banaketa
- 17:00 // Rafa Olabarriaren I. Memorialeko eskupilota partiduen finalak
- 18:00 // Elektrotxar.A.G.A.
- 18:00 // Buruhandiak Galtzagorri kultur elkartearen eskutik
- 19:00 // Zunba
- 20:30 // Dantza poteoa Untzuetarekin
- 23:00 // Kontzertuak: La Txirla Records + Picadura + Ingo al deu?
Uztailak 28, larunbata
- 10:00 // Marmitako txapelketa
- 12:00 // Igelaren jokoa Aratz tabernaren aurrean
- 13:00 // Aretako txistulariei omenaldia
- 13:00 // Laudioko Arloteen bisita
- 14:00 // Marmitako txapelketako sarien banaketa
- 18:00 // Bolo arabarraren txapelketa
- 18:00 // II. Areta Trail Txapelketa
- 21:00 // Parrillada herrikoia
- 23:00 // Kontzertuak: Isildu zaitez + Skabidean + Ozen erromeria
Uztailak 29, igandea
- 11:00 // Herri kirolak: Gizonezkoen txinga eta emakumezkoen zakulari txapelketak
- 12:30 // Asto lasterketaren aurkezpena
- 13:00 //Asto lasterketa
- 15:00 // Herri bazkaria
- 18:00 // Joko herrikoiak
- 20:00 // Dantza plaza
- 23:00 // Jaien amaierako traka