“Duela 20 urte etorri nintzen Pakistanetik, erabat laudioarra naiz orain”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko eka. 28a, 08:00
20 urte daramatza Hafizek Laudion bizitzen. / Aiaraldea.eus

Hafiz Afitxu (Pakistan, 1975) 20 urte baino gehiago daramatza Aiaraldean bizitzen. Bere bizitzaren nondik norakoen inguruan mintzatu da.

Pakistanen jaio zinen, baina urteak daramatzazu Aiaraldean bizitzen. Nola iritsi zinen?

Duela 20 urte etorri nintzen. Bartzelonan egon nintzen lehenbizi, ezagun batzuk nituelako bertan. 

Hortik etorri zinen hona?

Lan eta egoitza baimena lortu nuen bertan, baina lana topatu nuen Aiaraldean, eta hemen geratu nintzen. 

Lan kontuengatik etorri zinen, orduan.

Hala da. Pakistanen ez dago lan-aukera askorik. Nire anai bat Greziara joan zen lehenbizi, eta bere atzetik joan ginen gainerakook, bizitza hobearen bila. 

Bigarren Hezkuntza egin nuen Pakistanen. Lanen bat ere izan nuen, baina ezer gutxi. Zaila zen familiak seme-alaba guztiak mantentzea eta zaila zen ere Pakistanen ikasketak aurrera ateratzea.

"Pakistanen irakasleak etxerako lanak bidaltzen, baina ezin genituen egin, ez baikenuen argirik. Hurrengo egunean jotzen gintuen."

Irakasleak etxerako lanak bidaltzen zizkigun. Baina etxera iristen ginenean ez genuen argirik, eta ezin genituen lanak egin, eta hurrengo egunean irakasleak jo egiten gintuen. Gauzak aldatu dira, baina nire garaian oso latza izaten zen klasera joatea. 

Hona etorri nintzenean beste planeta batean egongo banintz bezala sentitzen nintzen. Gaizki pasa nuen hasieran. Ez nuen hizkuntza menperatzen eta ez nintzen komunikatzeko gai. Lanean pozik nengoen, baina oso lan gogorrak egin nituen.

Gainera, hasieran ez geneukan telefono mugikorrik, eta eskutitzen bidez komunikatzen nintzen familiarekin. Hilabete bat baino gehiago behar zuen gutun batek hemendik Pakistanera iristeko. Zailtasunak izan nituen baita alokairua lortzeko. Ez nuen familiarik hemen, eta jendea ez zen fidatzen. 

"Hafiz da nire izena, baina Afitxu deitzen naute gehienek"

Zorionez, jende askok lagundu nau. Zinez eskertzen diet laudioarrei emandako laguntza. Hafiz deitzen ninduten lehen, eta orain Afitxu deitzen naute gehienek, hori baita nire izen euskalduna (barreak). 

Kontakturik mantentzen duzu Pakistanekin?

Bai, nire gurasoak bertan bizi dira. Baina nire anaiak Europan daude: Italian, Norbegian eta Ingalaterran. Nire ama Italian eta hemen egon da batzuetan, baina kosta egiten zaio Europara ohitzea, ez duelako hizkuntza menperatzen eta ez duelako bere jatorriko jenderik ezagutzen hemen. 

Baduzue elkartzeko ohiturarik?

Ez gara ia inoiz biltzen, bidaiak garestiak direlako. Baina astero hitz egiten dugu telefonoz. Nire emaztea Pakistanen dago, eta tramiteak egiten ari naiz hona etor dadin. Edonola ere, oso zaila da, bost urte daramatzat burokrazian sartuta buru-belarri. Nik hamar urte behar izan nituen Espainiar nazionalitatea eskuratzeko. 

Horrez gain, ez dut inoiz Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta bezalako laguntzarik jaso, ez nekien ezta existitzen zirenik ere, inoiz ez ninduten horien inguruan informatu. 

Laudion geratzeko asmoa duzu?

Noski. Orain erabat laudioarra sentitzen naiz. Lagun ugari egin ditut, eta ezkontza zein hiletetara gonbidatu naute. Kultura ezberdinak daude, baina guztiak gara bidaiariak mundu honetan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide