“Pixelatu” egitasmoa aurkeztu du Esti Urresola zinemagile laudioarrak, Nerea Ganzarain sortzaile multimediarekin batera. 7-16 urte bitarteko gazteei bideratutako ikus-entzunezko tailerra izango da, uztailaren 16tik 20ra bitartean eskainiko dena. “Laudion urtero egiten dira kirolari lotutako barnetegiak”, azaldu du Urresolak, “aurten bestelako proposamena luzatu nahi izan dugu, kulturari lotutakoa”.
Goizez eskainiko dute ikastaroa, 9:00etatik 14:00etara. Parte hartzeko beharrezkoa izango da izena aurretik ematea, plaza kopuru mugatua egongo delako. Uztailaren 9a izango da horretarako azken eguna. Inskripzioa egiteko bi modu egongo dira: internet bidez edo Zuentzat okindegian eskuratu daitezkeen orriak beteta. Pixelatu.com atarian topatu daiteke egitasmoari buruzko informazio gehiago.
Animazioa eta stop motiona oinarri
Haur eta gazteak “ikus-entzunezkoen lengoaian alfabetatzea” izango da ikastaroaren helburu nagusia, Urresolak azaldu duenez. “Umeek aukera izango dute zinemagintzaren munduak nola funtzionatzen duen ikasteko. Gidoitik hasita, storyboardetik pasata eta grabaketa zein edizio lanetan arituta”.
Stop-motion eta animazio teknikak baliatuko dituzte horretarako. “Oso aproposak iruditzen zaizkigu, irudimenari ateak zabaldu eta edozein motatako istorioak kontatzeko balio dutelako”.
Zinemagile laudioarraren arabera, gaur egungo munduan “oinarrizkoa” da ikus-entzunezkoen lengoaiaren gaineko oinarri batzuk izatea. Gauzak hala, “diskurtsoa eratzeko gai diren gazteak” trebatzea izango dute helburu, “modu ludikoan eta ondo pasatuta betiere”.
Astebeteko ikastaro hori lehen pausoa baino ez dela aurreratu du Urresolak. “Duen arrakastaren arabera planteatuko dugu urtean zehar beste gauzak batzuk antolatzea”.