Amets Meatza alkateordeak adierazi du udaleko teknikariak esleipena prestatzen ari direla Ugarteko plaza ahal bezain pronto berritzeko.
2016. urtetik ari da elkarlanean udala auzoko herritarrekin adostasuna lortzeko. Auzo bileretan jorratu da egitasmoa eta bizilagunen ekarpenak jaso dituzte.
Horren bitartez, plaza hobetu eta espazioa osatzen duten guneak batuko dituzte.
Lanak
Berez, udalak aisialdirako eremu guztia eta inguruak bateratzea aurreikusi du udalak -atzeko lorategia eta futbito kantxa barne-.
Hori lortzeko, zenbait esku hartze gauzatuko dute bertan. Lehenik eta behin, pergola eta bankada eraitsiko dituzte, plazaren atzeko aldeko gune berdea banatzen baitute.
Aldaketa horrekin ez da mugarik egongo bi esparruen artean eta leku bakar gisa erabiltzeko aukera egongo da, behin lurzorua batuta.
Gainera, estaldurek hartuko dute pergolak utziko duen hutsunea. Hori ez ezik, leku bietan instalatuko dituzte haurrentzako jokoak; tirolina, txirristak eta kulunkak, esaterako. Saskibaloira jokatzeko tresnak ere jarriko dituzte plazan.
Edonola ere, elementu horiek guztiak errepidetik distantzia nahikora egongo dira, edozein trafiko istripu ekiditeko. Sortuko den espazio gardena bestelako kirol, kultura edo giza jarduerak egitera bideratu ahalko da. Are gehiago, estaldura garaiagoa izango da muturretako batean, oholtza jarri ahal izateko azpian. Amaitzeko, jokoen gunearen eta futbito kantxaren artean arrapala eraikiko dute irisgarritasuna bermatzeko.
Lanek bi inbertsio beharko dituzte. Alde batetik, estaldurak 160.471,98 euroko kostua ekarriko du eta urbanizazio lanek 350.709,64 euro, biak ala biak BEZ barne.