Laudioko Udalak aurreratu du hiru enplegu plan gauzatu nahi dituela Arabako Foru Aldundiko diru-laguntzak baliatuta. Aiarako Kuadrillara joko du horretarako.
Zehazki, hiru proiektu prestatu ditu; bat Lamuza Parkeko lorategiak eta parterreak konpontzeko, beste bat erabilera publikoko mendietan pista eta suebakiak egiteko eta, azkenik, herriko oztopo arkitektonikoak kentzeko.
Ekimen bakoitza egiteko langabezian dauden 5 lagun 6 hilabetez kontratatu nahi dituzte; 4 langile eta arduradun bat, 15 guztira. Lamuzan eragiteko eta oztopoak desagerrarazteko igeltserotza lan hitzarmenarekin bat egingo dute, eta mendi publikoetan aritzeko, ordea, basogintzakoarekin.
Iñigo Martinez zinegotziak adierazi du espero dutela irailean bilera deitzea interesdunek egitasmoen nondik norakoak ezagutu ditzaten.