Ekaitzak 45 litro ur bota ditu metro koadroko Laudion ordubetean

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko uzt. 12a, 07:23

Aretan 36 litro ur pilatu dira ordubetean metro koadroko. / Aiaraldea.eus

Euskalmeten arabera, Laudion pilatu da ur gehien: Gardea auzoan ordubetean 45 litro bota ditu metro koadroko, eta Aretan 36. Errepide eta trenean ez da ezbeharrik egon. 

Euri zaparradak izan dira nagusi eguneko lehen orduetan eskualdeko zenbait herritan. Laudion, esaterako, kaleetako bide asko azaldu dira ur putzuz gainezka. Euskalmetek jakinarazi duenez, Laudion lehertu da ekaitza, nabarmen: 

Dena den, Herrizaingoaren Trafiko Sailaren esanetan, errepideetan ez da istripurik gertatu. Renfeko trenek ere ohikoan bezala funtzionatzen dute. 

Gardea eta Aretako errepideetan nabaritu da ekaitz eta ur zaparrada gehien, irudiek erakusten dutenez. Arrankudiaga-Zollo inguruan, berriz, trafikoa mantsoago doa, ur emaria dela kausa, Segurtasun Sailak zabaldu duenez. Gainontzeko herrietan ere trumoi eta euri zaparrada ugari egon dira.

"Udako ekaitzak"
Ekaineko lehen asteburuan ere gogor astindu zuen ekaitzak Aiaraldea. Euskalmetek ohartarazi duenez, 11:00etan aurreikusi dute "abisu horia" desaktibatzea.

Bien bitartean, euri zaparrada trumoitsuak iragarri dituzte: "Baliteke zenbait tokitan txingorra ere egitea. Bizkaiko zenbait lekutan ordubetean 15 litro metro koadroko pila litezke". Eskualdean, ordea, kopuru hori hirukoiztu da dagoeneko. 

Argindarrarekin eragozpenak
Goizean zehar sortu ditu eragozpen gehien ekaitzak. Garrastatxu Landaluze urduñarraren hitzetan, sekulako ekaitza bota du Urduñan 6:40an. Okondoko hainbat bizilagun internet konexio gabe geratu dira. Orozkoko zenbait etxeetan ere joan da argia, lekukoek kontatu dutenez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide