Nola bizitzen du Jon Unzagak Tourra egun hauetan?
Ikusle baten moduan. Batzuetan etapan bertan sartzen naiz, eta pentsatzen dut zein zailak eta etsigarriak diren lasterketak batzuetan, maila horretakoak direnean. Batzuetan pozik bertan ez egoteagatik.
Nola laburbilduko zenuke zure bizitza profesionala txirrindularitzan?
10 urte laburtzea ez da erraza. Kirolari guztiak bezala, hasten zarenean zure lekua bilatu behar duzu. Ilusioak dituzu eta bizitzak dagokizun tokian jartzen zaitu. Apurka-apurka konturatzen zara oso zaila dela irabaztea eta moldatu behar zara.
"Hasieran ilusioak dituzu eta bizitzak zure lekuan jartzen zaitu, oso zaila da lasterketak irabaztea"
Ilusioak desagertzen dira, ikusten baituzu lasterketa bat irabazteko jende oso espezializatua dagoela; mendian, sprintean...
Ni esparru guztietan defendatzen nintzen, baina ez nintzen izarra zerbait jakinean. Horregatik bilakatu nintzen txirrindularitzaren langilea. Nire ahalegina bideratzen nuen beste batzuek, gaitasun gehiagokoek, irabazi zezaten.
Hala ere, lasterketaren bat irabazi zenuen.
Bai, Espainiako biran garaitu nuen etapa batean eta sailkapen politak izan ditut. Baina hori ez da taldeko burua izatea eta aurrekontua zure mesedera egotea 3 onenen artean kokatzeko. Beste maila bat da. Lorpenak izan ditut eta pertsonalki pozik sentitzen naiz, baina besterik gabe.
Badirudi garrantzia kentzen diozula lortutakoari, baina jende pilo dago errepidetan eta oso gutxi aritzen dira profesionalen artean.
Nik pribilegiatutzat jotzen dut nire burua. Profesional hitza esatea erraza da, baina kirolean profesional gutxi dago. Jende asko lehiatzen da, baina oso gutxik lortzen dute maila gorenera igotzea. Nire garaian 150 txirrindulari profesional zeuden Euskal Herrian eta Estatu Espainiarrean.
"Nik pribilejiatutzat jotzen dut nire burua, txirrindulari profesionala izan bainaiz"
Multzo horren barruan egoteko, puntako taldeetan, selekzioan... zenbait gaitasun izan behar duzu. Edonola ere, horrek ez dit eskubiderik ematen Superman sentitzeko.
Zeintzuk izan dira une goxoenak txirrindularitzan zuretzat?
Hainbat une on izan dut, baina ez dut horrela baloratu. Urte bakarrean une onak eta txarrak dituzu, denetarik. Orokorrean, onak barneratzen dituzu eta txarrek aztarna uzten dizute. Tamalez, askotan ikasten dugu horrela. Euforia, malko edota loria uneak izan ditut.
"Tony Romigerrekin Espainiako Bira irabazi genuenean Oviedo osoa mobilizatu zen"
Oroitzapen berezia da Tony Romingerrekin irabazi nuen lehen Espainiako Bira. Sean Kelly eta Marco Giovanettirekin irabazi banuen ere aurretik, Clas Cajasturrekin garaitzea izugarria izan zen. Hiri osoa mugitu zen, omenaldia egin ziguten Oviedo futbol taldeko estadioan eta gertakari polita izan zen, ikusgarria.
Zuk nola definitzen duzu zure burua txirrindulari gisa?
Ni esparru guztietan moldatzen nintzen ondo, baina horrek ez du esan nahi izarra izatea. Azkarra nintzen, ondo igotzen nuen, ona nintzen orokorrean, baina apur bat falta zitzaidan onenen artean egoteko, eta hori da ezberdintasuna.
Hori onartu beharra dago. Ni zintzoa izan naiz nire buruarekin eta txirrindularitzari dena eskaini diot. Zaindu naiz, entrenatu dut eta samintasunik gabe utzi dut. Nuen guztia eman dut eta heldu ahal nintzen lekuraino heldu naiz.
Zu talde laguntzailea zinen, liderraren agindutara. Zer egokitzen zaio horrelako txirrindulari bati?
Dena. Irabazle baten langilea izan naiz eta horren ardura osoa nuen. Txirrindulari tropel osoaren kontrola nire gain zegoen. Ahalbidetu behar nituen kaltegarriak ez ziren ihesaldiak, ezin nuen onartu sailkapenean ondo zihoan norbaitek ihes egitea eta lasterketa hankaz gora jartzea... 8 langileren artean 200 txirrindulari kontrolpean izan behar genituen.
"Tropel osoa kontrolpean izan behar genuen"
Ahalegina ikaragarria da. Saiatu behar ginen liderrari haizeak ez jotzen, ahaleginik ez egitea, ura eramatea... Ezin zitzaion ezer falta, behar zenean indar guztiak izateko. Etapa menperatu behar genuen osorik, azken kilometroraino.
Gehienez, azken 5 kilometroak utzi behar ziren talde buruaren esku. Hori da sekulako ahalegina.
Lider irabazlea izateak ematen zigun motibazioa eta indar gehiago. Hori gabe, ahalegina egitea ezinezkoa zen ziurrenik.
Alde fisikoak garrantzia handia dauka txirrindularitzan, baina estrategia ez da ere berebizikoa?
Lasterketa bat aldez aurretik prestatu dezakezu hotelean eta gero ezer ez gertatzea zuk pentsatu bezala. Aurkariek ere helburuak dituzte. Txirrindularitzan etengabe moldatu beharra dago. Agian aurreikusi duzu mendilerro batean erasotzea, eta zure liderra erori da, esaterako. Lasterketak hainbat egoeratan jartzen zaitu eta behin eta berriro gainditu behar dituzu.
Bira luze batean zorte ona izan baino, onena da zorte txarrik ez izatea. Egunak igarotzea zure eremura heldu arte.
Nola bizi zinen profesionala zinenean?
Txirrindularia nintzenean, profesionala nintzen 24 orduz egunero eta 365 egunez urtero. Askotan ez nintzen herrira joaten hankak ez nekatzeko, zutunik egoteagatik. Atsedena hartu behar nuen entrenatu ostean, elikadura zaindu, alkoholik ez hartu...
"Txirrindulari profesionala nintzen 24 orduz egunero 365 egunez urtero"
%100ean bizi nintzen nire gorputzera begira, prest egon behar bainintzen beti. Exijentzia hain handia zen, ezen %100era ez bazeuden, oso zaila baitzen. Pelotoiak ez dauka gupidarik.
Txirrindularitza oso exijentea da eta ez bazara zorrotza entrenamenduekin eta ez bazara egoeretara egokitzen, porrota etorriko da.
Urrezko aroa bizi zenuen zure jardueran, dopinaren polemika heldu baino lehen. Urte horietan txirrindulari oso ospetsuekin lehiatu zinen, zein zen zure erreferentea?
Ni hasi nintzenean Sean Kelly zegoen, lasterketa irabazlea etapaka. Anbizio handiko profesionala.
Hala ere, profesional bilakatu nintzenean ez nuen idolorik izan, guztiak baitziren arerioak. Miguel Indurainek garai baten ikurra da, baina nik ez nuen miresten, nire aurkaria zen eta. Nire lana zen bera txikitzea, ez liluratzea.
"Nire lana zen Indurain txikitzea, ez mirestea"
Edonola ere, nik esango dizut Tony Rominger oso zorrotza zela. Adibidez, erlojupekoa bazegoen, aurreko egunean autoz joaten zen ikusteko ibilbidea, txirrindula... kirolerako bakarrik bizi zen. Nik gogoratzen dut entrenamenduren bat zeinean talde osoa zegoen txantxak egiten eta bera guztiz kontzentratuta, jaramonik egin gabe, solasalditik guztiz kanpo.
Nik izan nuen idoloa, profesionala bihurtu baino lehen, Marino Lejarreta izan zen. Txirrindulari zein pertsona moduan erreferentea izan da. Profesionala zarenean ezin duzu idolorik izan, denak dira arerioak, taldekideak edo lagunak.
Zuk utzi eta gero txirrindularitza egon da polemikaren jomugan dopinaren ondorioz, nola azaltzen da hori?
Bizi garen munduaren isla da. Irabazlea aitortzen da eta galtzailea ahazten dugu. Ekonomikoki baloratzen da irabazlea eta diruaren inguruan gauza asko dago.
"Dopina desagertzeko, kirol profesionala desagertu behar da"
Nire ustez, txirrindularitzarekin ankerkeria egon da, dirua dagoen kirol guztietan gertatzen da gauza bera. Jende oro saiatzen da errentagarritasun osoa lortzen.
%10ean hobetzeko aukera badago, hobekuntzarako tartean sartzen da, eta entrenamenduko emaitzak hobetzeko aukera badago dopinaren bitartez. Ez dakit egun existitzen den edo ez, baina dopina desagertzeko, kirol profesionala desagertu behar da.
Tourra abiatu dute, zein da zure apustua?
Nik arabar moduan Mikel Landaren alde egiten dut. Uste dut oraindik zerbait falta zaiola, baina nire konfiantza dauka. Iaz ezagutu nuen eta nik behar dut horrelako txirrindulari bat adi egoteko. Froomek irabaztea niri ez dit ezer sortzen.
"Nik Mikel Landaren alde egiten dut"
Nik apustu suizida egiten dut Mikel Andaren alde, hemengoa baita. Gauza politak egin ditzake eta podiumera igo. Ilusioa sortu, finean.
Froomen ospea merchandisinga da?
Esan bezala, dena mugitzen da diruaren inguruan. Diruak gauza asko lor ditzake. Ez da gauza bera 1. sailkatua izatea edo 100., aldea handia da. Froomen kontratua 6 milioi eurokoa izan liteke. Nork ez luke nahiko hor egotea?
"Ez dut uste dopina txirrindularitzan bakarrik dagoenik"
Horren inguruan sortzen da kirol medikuntza, kirol botikak... eta ez dut uste txirrindularitzan bakarrik gertatzen denik. Kirolean, orokorrean, jazotzen da, baina txirrindularitzarekin esku beltza egon da.
Nik ez dakit beste kirol batzuen interesa izan den babesleak kentzeko, edo auskalo zergatik. Txirrindularien irudia izugarria da, eta gainditzen dituzten kontrolek ez dute parerik. Txirrindularitzak onartu du dena; 24 orduz lokalizaturik egotea, ezusteko kontrolak gaueko ordu txikitan...
Txirrindulariak ez du jakin izan hori gelditzen, langilea baita. Nik gogoko nuke jende orok tratu bera jasotzea; bulegoan, politikan... Irizpide bera guztientzat. Txirrindulariei asko exijitzen zaie eta gero eurak dira maltzurrak eta beste batzuk jainkoak.
Nola erabaki zenuen zure ibilbide profesionala amaitzea?
Erabaki erraza izan zen. Azken urtean asko sufritu nuen, lesioa izan nuen aurreko Giroan eta ezinbestekoa nintzen taldean. Ebakuntza egin zidaten eta zailtasunak izan nituen, zauria ez zen guztiz osatzen, eta urtea txarto bukatu nuen.
"Nire azken urtean animalia izan banintz bezala sentitzen nintzen"
Hurrengo urtean motibaziorik gabe nengoen eta animalia izan banintz bezala sentitzen nintzen. Garrantzitsuagoa zen lasterketa irteeran egotea, ni nola nengoen baino. Burua irauli zitzaidan eta modu negatiboan hasi nuen urtea.
Ikusten nuen dena txarra zen eta buruak txarto hartzen zuen. Ondorioz, erabaki nuen nire azken urtea izatea. Sufrimendu psikologikoa oso handia zen eta gorputzak ez zuen erantzuten horregatik.
Martxotik aurrera oso argi nuen eta zuzendariari deitu nion esateko bizikleta utziko nuela berehala. Berak animatu ninduen, adierazi zidan ekarpen handia egin nuela taldean eta ezin nuela utzi. Hala ere, nekez bukatu nuen denboraldia.
24 orduz txirrindularitzan sartuta egon ostean, bizitza arrunta izan duzu. Nolakoa izan zen aldaketa?
Zaila. 10 urtez horrela bizi izan nintzen eta horri esker diru apur bat irabazi nuen, nahikoa lan egin gabe egoteko tarte batez. Hala izan zen, baina gero bizitza bideratu behar nuen, 34 urterekin ezin nintzen geldirik egon, nahiz eta 5 urtez lanik ez egin.
"Kirolaria oso pertsona ahula da eta bakarrik sentitu naiz batzuetan"
Pentsaera aldatu behar izan nuen, eta kirolaren ostean, zer? Egia da jendeak asko baloratzen duela, txalotzen duela, baina kirolaria oso ahula da. Bere lanean oso ona da, baina kalean bakarrik galduta dago. Batzuetan bakarrik sentitu naiz, zentzu horretan.
Ikastaro bat egin nuen trebatzeko, eta orain lantegi batean nabil lanean. Pozik nago, pertsona arrunta naiz.
Bizikletarekin harremana daukazu oraindik?
Bai, badaukat. Astean 3 edo 4 aldiz hartzen dut. Egia da betekada izan nuela eta konpondu nuen 10 urtez txirrindula ukitu gabe. Oso nekatuta bukatu nuen eta, gainera, 3 istripu larri gertatu ziren inguruan eta markatu ninduten. Ez nuen nahi egindako ahaleginaren ostean, bizitza arriskuan jartzea.
Gero, apurka-apurka, itzuli zaizkit gogoak bizikleta hartzeko eta duela zortzi urte hasi nintzen berriro errepidera ateratzen.