Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Portuak dauden herrietan emakumeek egiten zuten lana islatzea da ikuskizunaren asmoa”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko uzt. 20a, 10:38

DAVID RODRIGUEZ PEÑA (Areta, 1992) Sardina bakalau “panpin-kalejiran” aritzen da trikitia jotzen. Musika, txotxongiloak, antzerkia eta umorea uztartzen dituzte ikuskizunean.

Nondik sortu zen Sardina Bakalau "panpin-kalejira" egitearen ideia?

Anita Maravillas antzerki taldeko kideei bururatu zitzaien. Kalean egiteko zerbait prestatu nahi zuten, ikusten zutelako emanaldiak amaitzen zituztenean umeak txotxongiloekin aritu nahi zutela. Orduan bururatu zitzaien kalejira bat egitearen ideia, eta horretan datza, funtsean, ikuskizuna. Hiru amomen istorioa kontatzen da. Portuak dauden herrietan emakumeek egiten zuten lana islatzea da asmoa.

Txotxongiloak eta musika uztartzen dituzue ikuskizunean.

Bai, kalejiran trikitia eta panderoa izatea erabaki zuten, eta hor sartu nintzen ni. Amonei hauspoa ematen diete bi instrumentu horiek. Errepertorioaren aldetik, euskal kantak jotzen ditugu gehienbat.

Zer nolako harrera izan du lanak?

Nahiko harrera ona izan du. Jaietan aritu izan gara ia beti, festa giroan. Herritarrak animatzea eta panpinak mugimenduan ikustea da helburua eta oso gustora aritu izan gara horretan, egia esan.

Non arituko zarete datozen hilabeteetan?

Iazko ekainean ekin genion kalejira prestatzeari, eta uztailean estreinatu genuen, Zarautzen. Beasainen egon ginen gero, eta baita Euban ere. Aurten Eibarren, Hondarribin, Leioan eta Andoainen egon gara. Astearte honetan Erandion aritu gara eta irailean Arrankudiagako Atxeta auzoan egingo dugu kalejira, eta baita Basauri eta Sopelan ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide