Sei aurrekontu-partida onartu ziren atzo Laudioko Udalbatzan, 145.000 euro inguru guztira

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko uzt. 25a, 08:00

Onartutako sei aurrekontu-partidek 145.000 euroko kostua izango dute. / Aiaraldea.eus

Atzo burutu zen uztaileko Laudioko Udal Osoko Bilkura. Sei aurrekontu partida onartu ziren. Horrez gain, soka luzea ekarri zuen zabor eta estolderia tasaren ordainketak.

Sei diru-partida onartu zituen atzo Laudioko Udalbatzak, 145.000 euro guztira. Sei partiden funtsa osotasunean eztabaidatu zuten udal-taldeek, eta guztiak atera ziren aurrera botoen gehiengoa lortuta. PSE-EE alderdia izan zen alde bozkatu ez zuen bakarra: puntu guztietan abstenitu zen.

Onartutako partiden artean zeuden San Pedro elizako arkupea konpontzera edota Laudio Ikastolako "Laudio Txiki" eraikinean obrak egitera bideratutakoak.

Granja kiroldegiko irisgarritasuna egikaritzeko eta frontoiaren proiektua gauzatzeko proiektuek ere jaso zuten babesa. Herriarenak Pilota Elkarteko kideak bilkuran egon ziren frontoiaren harira. Horren onarpenak ateak ireki dizkio egitasmoari eta horren definizioari eta erredakzioari ekingo zaio orain.

Haurtzaroko I. Udal Plana
Omniak “Haurtzaroko I. Udal Plana” osatzeko proposamena luzatu zuen mozio bidez. Plataforma laudioarrak Unicef-en “haurtzaroaren hiri laguna” izendapena lortzea jarri zuen planaren helburu gisa. Udal talde guztiek bozkatu zuten testuaren alde, eta gaztaroa zein nerabezaroa ere kontuan hartu beharko liratekeen eztabaidatu zuten. Gaia iraileko gazteria saileko batzorde informatiboan landuko da.

Zabor eta estolderia tasaren ordainketak
Eztabaida luzea ekarri zuen zabor eta estolderia tasaren kobrantzak. Bi mozio jarri zituzten atzoko Udal Osoko Bilkuran gaiari heltzeko, Txaro Sarasuak bata eta PSE-EEk bestea. Tasaren kobrantzaren atzerapenak hurrengo urteetan eragingo duen desoreka dela eta, berau kobratzeko bi proposamen eztabaidatu ziren, aipatutako mozioetatik abiatuta. Udal Gobernuak azaldu zuen datorren astelehenean bertan ekingo zaiola 2016ko tasaren kobrantzari. Aurkeztutako testuetan ez zen adostasuna lortu, eta ez batak ez besteak ez zuten lortu bozketan aurrera ateratzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide