"Aziak dantza taldeak antolatzen zituen ekintzetan beti agertzen zen polizia sekretua"

Aitor Aspuru Saez 2018ko uzt. 27a, 11:50

Santos Ibarretxe, Aziak taldeko kidea. / Aiaraldea.eus

SANTOS IBARRETXE (Laudio, 1957) Aziak dantza taldearen sortzaileetako bat da. Koadrila horrek jaurtiko du aurtengo jaietan txupinazoa. Izan ere, eragin handia izan du Aziak taldeak herrian. Kulturari bultzada handia eman zioten 1972tik 1984ra bitartean.

Nola hartu duzue izendapena jaurtitzeko txupinazoa?

Txupinazoa botatzeko gu hautatzeak poztu gaitu eta interesgarria da, aitorpen txikia baita Aziak taldearentzat. Orain koadrila bezala funtzionatzen badugu ere, bere garaian Aziak oso kultura talde sendoa izan zen Laudion. Jarduera garrantzitsuak egin genituen. Dantza taldea ginen, baina fanfarrea ere bagenuen.

1972an sortu zenuten taldea, frankismoak oraindik irauten zuelarik. Nola erabaki zenuten horrela egitea?

Gu gazteak ginen eta Goikogane Mendi Taldean parte hartzen genuen. Txangoetara joaten ginen eta aterpea eraikitzen hasi ziren garai horretan. Nagusiagoak zirenak, Eusebio eta Jon Laburuk, Luis Dabouzak, Jose Antonio Gorostiagak... proposatu ziguten dantza taldea antolatzea.

 

"Goikogane Mendi Taldekoek proposatu ziguten dantza taldea sortzea"

 

Animatu gintuzten eta hasieran elkartzen ginen Goikogane Mendi Taldeko egoitzan, euria egiten bazuen. Bestela kalean egiten genituen saioak.

Gehienok 16 edo 17 urte genituen, oso gazteak ginen. 2 edo 3 urtez Goikoganerekin egon ginen eta gero udalean gauzak aldatu ziren. Gure Aukera sartu zen udal gobernu taldean eta lokal publiko batzuk eskuratu genituen Lamuza parkean.

Lehen parkea ixten zuten gauez, eta behin ez ginen konturatu eta barruan geratu ginen. Alkateari deitu behar izan genion ateak irekitzeko.

Asko aldatu zen taldea lokal berriekin?

Gazte gehiago hurbildu ziren, umeak gehienbat. Gainera, gu Ugaora joaten hasi ginen dantzak ikastera Etorki taldearekin.

Frankismoaren azken urteetan non dantzatzen zenuten?

Auzoko jaietara joaten ginen. Aziakeko lehenengo dantzaldiak sanjoanetan izan ziren: Laudion, Arespalditzan, Murgan, Zaldun...

Geroago, Baionako Dantzari Egunean parte hartu genuen. Oraindik ere oso gazteak ginen, 18 edo 19 urtekoak. 12 eta 13 urteko umeak eraman genituen gurekin eta lan handia izan zen: muga igarotzeko gurasoen baimenak behar ziren, adibidez.

Esperientzia polita izan zen eta gero Gasteizko Dantzari Egunean egon ginen. Arabako Dantzari Eguna antolatu genuen guk Laudion behin.

Laudioko lehen euskal ezkontza egin zenuten zuek ere, ezta?

Bai. Gero gehiagotan egin zen. Ideia sortu zen taldeko nagusi batzuk Lekeition egon zirelako eta campingean Lekeitioko gazte batzuk ezagutu zituztelako. Bertakoek gonbidatu zituzten euskal ezkontza batean parte hartzera eta gero ideia hori ekarri zuten.

 

"Lekeitiotik ekarri genuen euskal ezkontza egiteko ideia"

 

Irakurtzen ziren paperak, jantziak, idiak, gurdiak... guztia eskuratu behar izan genuen. Bi edo hiru urtez errepikatu zen, eta gero, noizean behin.

Kontzertuak ere antolatzen zenituzten?

Nik gogoratzen dut 1977an, gutxi gorabehera, musika jaialdia egin zela Lamuzako frontoian. Niko Etxart eta Maite Idirin etorri ziren, besteak beste. Oraindik ikurrina ez zen legala eta atera genuen. Gainera, Maite Idirin erbesteratua zegoen. Musika euskaldunari dagokionez, uste dut herrian egin zen lehen emanaldietako bat izan zela hura.

Frontoia gainezka zegoen eta kontzertuko hasiera orduan musikariak ez zeuden oraindik. Julen Guarestik jo zuen txistua eta gitarra, besteok itxaroten genuen bitartean Laudion, artistak zuzenean frontoira eramateko.

 

"Aziaken ekintzaren bat antolatzen genuen bakoitzean polizia sekretua agertzen zen"

 

Aziakek ekintzaren bat antolatzen zuen bakoitzean polizia agertzen zen kalez jantzita. "Sekretak" deitzen genien, baina ez ziren batere sekretuak, ezagutzen baikenituen. Aziaken jendearen atzetik ibiltzen ziren, garai horretan mugitzen zirelako.

Zer mugarri gehiago bururatzen zaizkizu Aziaken historian?

Laudiori buruzko lehen ipuin lehiaketa, argazki lehiaketa, aratusteak 1982an, 1983an eta 1984an, lehen baserritar eguna, camp berbena...



Zuk zer nolako oroitzapenak dituzu?

Nik gogoratzen dut jarduera kultural ugari egiten genituela. Egiten genuen lana doakoa zen, eta diru bila joaten ginen Laboral Kutxara, Patxi Goitiak kartelak ordaintzeko.

Gogoratzen dut jaialdi polita antolatu genuela ikastolako frontoian eta Iparraldeko dantza talde bat gonbidatu genuela. Ez dugu gogoratzen zein zen bere izena. Uste dut Oldarra zela. Negua zen eta leku estalirik ez zegoenez, han egin zen.

Atzoko gaztearen egunean ere lagundu genuen, bazkarian, argazkiak daude. Ahal genuen guztian laguntzen genuen.

Laudioko Udalaren diru-laguntzen truke auzoko jai guztietan dantzatzen genuen. Bitarteko horiekin arropa erosten genuen taldeentzat, eta musika tresnak fanfarrerako. Lortu genuen musikari orori tresna erostea eta dozena bat edo gehiago ziren; txirula, akordeoia... Gogoratzen dut atabala jotzen zuela Josetxu Urkijok. Oso prest zegoen beti jotzeko.

12 urte horietan hainbat jendek bultzatu zuen taldea, edo beti izan zineten nagusienak?

Azkenean eman zen belaunaldi aldaketa, baina kide gazteek bestelako kezkak zituzten. Adibidez, litekeena da punk eta hardcore kontzertuak parkean eurak antolatzea, guretzat gai urrunak baitziren.

Gazteek aukerak izan zituzten ardurak hartzeko. Guztiok ginen asanblearioak eta bileretan jende orok parte hartzen zuen.

1984an eten zen Aziaken ibilbidea, zergatik?

Bileretan beti zeuden hika-mikak eta gazteei eskatu genien ardurak eurek hartzea. 1982an izan zela uste dut, eta nagusiak alde batera joan ginen.

 

"Uholdeen ondorioz jantzirik eta musika tresnarik gabe geratu ginen"

 

Hori bai, gero heldu ziren uholdeak eta egoitza txikitu zuten: jantzirik eta musika tresnarik gabe geratu ginen. Dena geldu genuen. Gogoratzen dut Arabar Errioxako dantza batzuk ikasten ari ginela eta beharrezkoa zela gona antzeko batzuk gizonezkoentzat.

Kasullak behar genituen horiek egiteko eta Delikako apaizarekin jarri ginen harremanetan, eta kasulla zaharrak eman zizkigun. Garai horretan amek, neskek eta arrebek oraindik josten zuten eta eurek egin zituzten. Ba gona horiek, jendeak egindakoak, ere suntsitu ziren.

Aurten planteamendu berezia izango duzue?

Ez. Whatsapp talde bat dugu eta informazio guztia bidaltzen dut. Argazki zaharrak partekatzen ditugu. Koadrila zaharrekin parte hartzen dugu jaietan eta horrela sustatzen dugu jendeak parte hartzea.

Nik gogoratu nahi ditut gaur egun parte hartu ezin duten horiek: Josetxu Urkijo, Alberto Berrocal, Javi Campo, Manu Crespo, Fontso Isasi, Txema Pikaza... jende ugari geratu da bidean eta gazte horiek Aziaken parte hartu zuten. Oso gazte utzi gintuzten eta nik guztiak oroimenean izan ditut. Euren argazkiren bat izan dudan bakoitzean taldera bidali ditut, ikus dezaten gogoratzen ditugula gurekin egondakoak. Presoak eta iheslariak ere izan ditugu Aziaken.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide