Uztailaren 23an aurkeztu zuen proiektua dagokion informazio batzordean udalak. Berez, 4 egun geroago oniritzia eman zion Udal Tokiko Gobernu Batzarrak eta abuztuko udalbatzan alderdi guztiek adieraziko dute egitasmoa babesten duten edo ez.
Berez, Alberto Acero kalea plaza bilakatzeko lanek 544.166 euro balioko dute eta udalak 254.973 euro ordaindu beharko lituzke.
Obra horiek eraikitze lanekin aldi berean bukatu beharko dute, itxidura eta andamioak kentzeko. Hortaz, urtarrilean hasi beharko lirateke. Hori dela medio, esleipena udazkenean gauzatu beharko du tokiko erakundeak.
Plaza irekia
Amets Meatza zinegotziak azaldu du plaza irekia izango dela eta ez duela umeentzako elementurik izango, baizik eta bankuak eta zuhaitzak. Horrela, jaietan edo urtean zehar espazio hori baliatu ahal izango da kultura jarduerak antolatzeko. Ostalariek ere leku berria erabiltzeko aukera izango dute.
Aparkalekuak
Etxebizitzak eta parkea eraikitzeko beste modu batean antolatuko dira aparkalekuak. Beraz, bertan zein inguruan dauden kopuruak aldatuko dira. Orain 165 toki daude eta proiektua bukatutakoan 152 izango dira; 150 arruntak eta 2 aniztasun funtzionala duten gidarienak.