"Oso jai xumeak" antolatuko dituzte Latiorron, jende faltagatik

Txabi Alvarado Bañares 2018ko abu. 8a, 07:00

Euskal Herriko Marmitako Txapelketa egin zen iaz Latiorroko jaietan. / Aiaraldea.eus

 “Belaunaldi aldaketa baten beharra” dagoela azpimarratu dute auzoko jai batzordeko kideek, “jende berri eta freskoarekin”.

Azken urteetan oso maila altua izan dute Latiorroko Jaiek. Puntako taldeek jo dute Laudioko auzo horretako festetan, eta jende andana bertaratu da. Iaz jo zuen goia jaiak, Euskal Herriko Marmitako Txapelketa egin baitzen auzoan. 1.300 lagun bildu ziren norgehiagokaren osteko herri bazkarian. Sukaldarien, gastronomiaren eta bertoko kalitatezko produktua maite dutenen bilgune bihurtu zen auzoa.

Aurten, baina, “oso jai xumeak” antolatuko dituzte. Zergatik? “Jendea nekatu egin delako, oso jende gutxi gaude antolakuntzan eta ez dugu aurreko urteetako maila mantentzeko indarrik”. Hala adierazi dute Jai Batzordeko kideek. “Belaunaldi aldaketa baten beharra” dagoela azpimarratu dute; “jende berri eta freskoarekin”. Hala ere, ez dute festa hiltzen utziko. “Egitarau apala antolatuko dugu, Latiorroko jaietan urtez urte errepikatu diren hainbat ekintzekin. Oraindik ez dakite gauean kontzerturik eskainiko duten. “Ez dakigu txosna eta musika jarriko ditugun, indarren arabera baloratuko dugu”.

Jende berriaren beharra
2011an sortu zen egungo Jai Batzordea, baina hasierako lantaldea txikitzen joan da urtez urte. Gauzak hala, jende berriaren beharra dagoela nabarmendu dute jaien antolatzaileek. “Interesdunek sare sozialen bidez eta lateorroko.jaiak@gmail.com helbidera mezu bat bidalita jarri daitezke kontaktuan gurekin”.

EGITARAUA

Irailak 14, ostirala

8:00 // Danborrada

19:00 // Jaien hasiera

20:30 // Antzerkia

Irailak 15, larunbata

8:00 // X. Mendi martxa

11:30 // Umentzako tailer eta puzgarriak

12:30 // Igel txapelketa

14:30 // Herri bazkaria

17:00 // Mus txapelketa

Irailak 16, igandea

9:00 // XXIX. Marmitako Txapelketa

OHARRA: Honakoa behin-behineko egitaraua baino ez da

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide